Orain, eta Euskal Herrian ireki den aro politiko berria dela-eta, Askapenak erronka garrantzitsu bat jarri dio bere buruari: Euskal Herria subjektu internazionalista bihurtzea. Nazioartea Euskal Herrira begira jarri nahi dute, abian den konponbide prozesuan lagun dezaten eta, halaber, Euskal Herriak munduko mapan bere lekua izan dezan, «independentzia eta sozialismorako bidean» borrokan diren herrialdeekin harreman sarea iruteko.
Elkartasun internazionalista Euskal Herrian landu, Euskal Herriko «askapen prozesuan» parte hartu eta Euskal Herria bera subjektu internazionalista bihurtu. Hiru oinarri horien gainean sortu zen Askapena orain dela hogeita bost urte. 25 urte hauetan eginiko ibilbidearen balantzea egiteko asmoz, Askapenaren hiru etapatan ibilitako hiru militanterekin hitz egin du BERRIAk. Hirurek nabarmendu dute Askapena erakunde «irekia eta bizia» dela eta oinarri «sendo eta zehatzak» dituela.
SORRERA. Eredu berri baterantz
Marine Pueyok gogoan ditu Askapenaren sorrera eta aurrekariak. Hura 70eko hamarkadan hasi zen hurbiltzen internazionalismora. Kubako prozesu iraultzailea dela edo beste askapen prozesu batzuk direla, Pueyok dio «gure mugetatik» kanpo gertatzen ari zenari buruzko interesa indartzen hasi zela garai horretan. Eta ez hori bakarrik: «Orduan bat egiten zuten karitatean oinarritutako planteamenduak eta botere egituren aldaketa eskatzen zutenek. Hor ere aldaketa izan zen. Guk uste genuen eraginkorrak izan nahi bagenuen bigarren horiei heldu behar geniela». Horrela sortu ziren Komite Internazionalistak deiturikoak Euskal Herrian.Garai horretan, besteak beste, El Salvadorko FMLNren, Nikaraguako Fronte Sandinistaren, Txileko tupamaroen, Guatemala edota Argentinako diktaduren aurkako borrokek euskal herritar ugariren «kontzientziak piztu» eta herrialde horiekiko elkartasuna indartu zuten. «Latinoamerikan bizi ziren garai gatazkatsu horien eraginez, gainera, herrialde horietatik exiliatu asko iritsi zen hona, eta horrek aukera eman zigun errealitate horiek lehen eskutik ezagutzeko».
Horrekin batera, Euskal Herrian ere «kontzientzia nazionalaren pizkundea» izan zela dio Pueyok, eta horrek EHNAM Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimenduaren sorrera eragin zuela. Eta, EHNAMekin batera, mugimendu internazionalista «berezko» baten beharra. Horrela sortu zen Askapena, 1987. urtean.
Orduan izandako eztabaidak gogoratu ditu Pueyok. «Eztabaidaren gakoa zen Euskal Herriak herri gisa aitortua izan behar zuela. Horretan oinarritu behar zen elkartasuna. Bat egiten genuen askatasunaren alde borrokan ari ziren beste herriekin, baina ezin genuen ahaztu Euskal Herriko borroka gure errealitatea zela. Nola ez ba gurea? Zergatik ez Euskal Herritik baina Euskal Herriarekin landu internazionalismoa?».
Pueyok dio Askapenaren sorrerarekin elkartasuna ulertzeko eta hura nazioartera zabaltzeko «beste modu bat» sortu zela. «Atzean utzi genituen kontzientzien lasaitzea bilatzen zuten zenbait jarrera, eta jauzi kualitatibo bat eman genuen borrokan diren herrialdeen aldeko konpromiso indibidual eta kolektiboan». Jarrera aldaketa horren «eredu» jarri ditu, besteak beste, El Salvadorren bizia galdu zuten Pakito Arriaran, Begoña Garcia eta Marta Gonzalez Euskal Herriko militante internazionalistak.
«Askapenak ahalbidetu digu Euskal Herria eta haren borroka nazionala mundura zabaltzen, eta irakatsi digu mundu hau gure errealitatetik ikusten. Atzean utzi ditugu gobernuek eta GKE batzuek sustatzen dituzten jarrera paternalistak, eta lagungarria izan zaigu komunikabide handiek ezarritako ikuspuntu itxi eta manipulatuak baztertzeko. Askapenak munduko leihoak ireki dizkigu, eta gure herriaren bozgorailu bihurtu gaitu», nabarmendu du Pueyok.
Euskal Herrian abian den aro politiko berria ere ez du ahaztu ezker abertzaleko kideak, eta nabarmendu du beste herrialde batzuen esperientzietatik badagoela zer ikasi. «Gurearen antzeko erakundeak topatu ditugu; arrakasta eta huts egiteak partekatu ditugu, eta beste prozesu batzuk aztertu ditugu, gurearekin dituzten paralelotasun eta espezifikotasunak ikusiz».
90EKO HAMARKADA.Harreman sarea ehuntzen
90eko hamarkadan zehar nabarmen egin zuen gora Askapenaren presentziak Euskal Herrian eta nazioartean. Munduko hamaika herrialdetara bidalitako brigadek oihartzun zabala izan zuten euskal gazteengan. Brigada horietako batean parte hartu zuten ehunka gazteetako bat izan zen Iñigo Bilbao bizkaitarra. 1992an Kuban izan zen, eta, 1999an, Askapenaren eskutik, Chiapasen.90eko hamarkadan, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako hainbat herrialderen askapen prozesuek indar berria hartu zuten: Nikaragua, Chiapas, Venezuela, Bolivia... Eta euskal herritar ugari joan zen herrialde horietara. «Baina ahaztu gabe Euskal Herrian antzeko borroka bat genuela», nabarmendu du.
Hori hala, Bilbaok ez zuen zalantzarik izan, eta Askapenan eman zuen izena. «Askapenak islatzen zuen hobekien nire ustez zer den elkartasun sentimendua. Guk Euskal Herri moduan adierazten diogu gure elkartasuna hainbat prozesuri, hainbat herriri eta hainbat borrokari. Baina uste dut, aldi berean, Euskal Herriak ere behar duela hori. Horregatik, beste leku batera joaten garenean, proiektu zehatz batetik abiatu behar dugu». Bilbaok dio ezagutarazi egin behar dela Euskal Herria herri bat dela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. «Askapenak argien adierazten zuen kontzeptu hori, bai teorikoki, bai praktikoki».
Bilbaoren arabera, 90eko hamarkadan Euskal Herriko eragileek ez zioten behar besteko garrantzirik ematen internazionalismoari, eta horri buelta emateko garaia zela ondorioztatu zuten Askapenako kideek. «Ikusten genuen Euskal Herria herri solidarioa zela, baina hori une zehatz batzuetara mugatzen zela, herrialde horietan zerbait garrantzitsua gertatzen zenean-edo azaltzen genuela interesa. Gainera, eragile batzuek hemendik elkartasun bat agertzen zuten beste prozesuekiko, baina ez zioten garrantzirik ematen hemen garatzen ari zen borrokari. Nahiko jarrera arina iruditzen zitzaigun guri kanpora joatea iraultza egitera edo hango mugimendu abertzaleak laguntzera eta ez konturatzea Euskal Herrian ere borroka bat dagoela». Hori aldatzeko, elkartasun internazionalista modu egonkor batean garatu eta landu behar zela ondorioztatu zuten Askapenako kideek. «Orain, ikusten ari gara gure kulturan oinarritutako beste gizarte bat sortu nahi badugu funtsezkoa dela internazionalismoa lantzea», nabarmendu du Bilbaok.
Askapenan egindako urteei buruzko balantze bat egiteko orduan, Bilbaok dio urte horietan landutako harremanen bidez Euskal Herriko egoerarako baliagarriak izan daitezkeen «ikaspen franko» jaso dituela. «Ikasi duguna da, lehenengo eta behin, irabazteko ezin dugula etsi. Bigarrenik, hainbat borrokak erakutsi digute gizarte hau aldatzeko beharrezkoa dela bertako erroetan oinarritzea eta bertatik abiatzea. Eta, hirugarrenik, herri moduan, oso txikia garela eta etsaia —herriak eta pertsonak zapaltzen dituen kapitalismoa— oso boteretsua dela eta behar-beharrezkoa dela horren aurka borrokan ari garen mugimenduen arteko elkartasuna».
Aurrera begira, Askapenaren moduko erakunde batek «egiteko garrantzitsua» izan dezakeela nabarmendu du. «Askapenako oraingo militanteek erabaki beharko dute zein ekarpen egin behar duten. Orain, ate asko irekiko dira Euskal Herrian, eta, nire ustez, proiektu independentista edo subiranista bat garatu nahi badugu, beharrezkoa izango da internazionalismoa. Joan-etorriko elkartasun horretan ez bada oinarritzen, ez dugu osorik edukiko guk nahi dugun Euskal Herria». Horren harira, Bilbaok gogora ekarri du, adibidez, abian den konponbide prozesuan nazioarteak zer-nolako eragina izan duen. «Prozesu hau ireki behar dugu mundura, eta mundua gurera ekarri. Etorkizunera begira jarri behar dugu, eta pentsatu behar dugu zer-nolako herria nahi dugun».
AURRERA BEGIRA. Itxaropen garaia Europan ere
Julen Zulaika gipuzkoarrak beti izan du interesa beste herrialdeen askapen borrokekin. 2006an bat egin zuen Askapenarekin, eta, urte horretan bertan, Kun Yalako komunitatean (Panama) izan zen, brigadista moduan. Han bizi izandako esperientziaren ondorioz eta aurretik zituen interesak bultzatuta. «Askapenak internazionalismoa ulertzeko modu propioa zuela ikusi nuen. Beste eragile batzuek, gainerako herriei elkartasuna adierazi bai, baina ez zuten Euskal Herriarekin loturarik. Askapenak ez bezala, ez zituzten lantzen bertako askapen prozesua garatzeko bitartekoak, eta hori funtsezkoa iruditzen zait niri».Zulaikaren arabera, «asko ikas daiteke» beste herrialde batzuetan hainbat alorretan egindako borroketatik: «Hizkuntz eskubideen alorrean dela, ekologismoan edo emakumeen egoerari buruz, besteak beste».
Egungo egoerari erreparatuta, berriz, Zulaikak dio Euskal Herriko mugimendu internazionalista «une garrantzitsu» batean sartua dagoela. «Euskal Herriaren askapen prozesua aberasteko eta babesteko beharrezkoa izango da elkartasun internazionalista. Beste herrialdeetako borroketatik asko ikas dezakegu, eta, barrura begira, gurean abian den prozesua blindatzeko baliagarria izan daiteke».
Nazioartera begira ere, Zulaikak nabarmendu du askapen prozesuen «pizkunde moduko bat» izan dela azken urteetan Latinoamerikan. «Bide berri bat ireki da herrialde horietan. Herrialde horien arteko harremana eta merkatua bera beste balore batzuetan ulertzeko modua aldatu da. Pozez eta oso gertutik ezagutzen ari gara hori».
Europari dagokionez ere azken urteetan estaturik gabeko nazioen eta ezkerreko aldarrikapenen gorakada izan dela dio. «Bereziki Latinoamerikara eta Palestinara begira egon gara, eta lan asko egin dugu, baina azken urteetan Europara begira lan egin beharra tokatu zaigu. Pozgarria da hori. Azken hamarkada luzeetan eman gabeko aldarrikapen eta protestak ikusi ditugu, eta zenbait prozesu ere martxan daude».
Itxaropen urteak badira ere, estatuen errepresioaren atzaparra ere gertutik ezagutu dute mugimendu internazionalistako kideek. 2010eko irailean Espainiako Poliziak eginiko sarekada batean Askapenako hainbat kide atxilotu zituzten, eta, baldintzapean aske dauden arren, epaiketaren zain daude oraindik. «Zoritxarrez, Euskal Herrian hainbat eragilek eta hainbat lagunek bizi izan duten egoera bizi izan dugu guk ere. Une gogorra izan zen ikusi genuelako gure lan politikoagatik, kalean lan egiteagatik atxilotuak eta espetxeratuak izan gintezkeela». Horren gainean, hala ere, irakurketa positibo bat egin daitekeela uste du Zulaikak. «Hain gaizki ez gara ariko espainiar agintariek gure lana oztopatzeko neurri horiek hartzen badituzte. Askotan horrelakoek ere indarra hartzeko balio dute».
Aurrera begira, Zulaikak, gainerako kideek bezala, azpimarratu du Euskal Herriak elkartasun internazionalistaren beharra izango duela. «Euskal Herria askatuko bada ez da bakarrik askatuko guk egindako lanarengatik. Gainerako herri eta eragileen babesa beharko dugu. Autodeterminazioa lortuta ere gauza asko egongo dira egiteko gure proiektu estrategikoa —independentzia eta sozialismoa— lortzeko. Gaur egun ere beharrezko izango da bestelako mundu bat sortzeko baloreen haziak landatzen hastea, hemen eta nazioartean».