MARTXOAK 3, 40 urte

"Borrokan jarraitzea da eraildako langileei egin dakiekeen omenaldi onena"

10.000 lagun baino gehiago elkartu dira Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileen aldeko manifestazioan. Gaur dira 40 urte Espainiako Poliziak Gasteizen Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil zituela. [Youtube]https://youtu.be/NwlbsuC5QpU[/Youtube]

jon olano
2016ko martxoaren 3a
07:31
Entzun

1976ko martxoaren 3an, lan baldintza duinen alde greban ziren ehunka langile bilduta zeuden Gasteizko San Frantzisko elizan, eta handik irtetean tiroz sakabanatu zituen Poliziak. Guztira, bost lagun hil zituzten: Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda. Ehunka zauritu ere izan ziren.

Urtez urte gogoratzen dituzte, baina urteurren berezia izango da aurtengoa, 40 urte beteko baitira hilketa horiek gertatu zirela. Berrogei urte daramatzate hildakoen senideek, lagunek eta Martxoak 3 elkarteak borrokan, justizia egin dadin eta gertatutakoa ahatz ez dadin.

Urtero legez, manifestazioa egingo dute Gasteizen, 19:00etan. Aurten, ordea, kontrako ibilbidea egin du: Andre Maria Zurian hasi eta Zaramagan bukatu da. Azken urteetan martxoaren 3ko egunez eginiko manifestazio jendetsuena izan da. Amaierako ekitaldian, azpimarratu dute "borrokarik gabe ez dagoela aurrera egiterik".

11:00etan, berriz, biktimen aldeko oroitarrian lore eskaintza egin dute. Asteartean, eraso egin zieten oroitarri horri eta Dulantzin dagoenari. Han izan dira sindikatu ugaritako ordezkariak, eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak utzi dituzte loreak oroitarrian. Egun hartan zauritutako lagun ugari ere izan dira omenaldian. Bideoa: Lara Madinabeitia (BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/azTRxtD3upg[/youtube]

Eusko Legebiltzarrean ere gogoan izan dituzte bost langile hilak. Legez besteko agiri bat onartzekotan dira. Gainera, keinu berezia egin diete EH Bilduko legebiltzarkideek: lehen lerroan esertzen diren bost legebiltzarkideek krabelin bana ipini dute beren jarlekuetan. Hildakoei ez ezik, "sarraski" hartako gainerako biktimei eta haien senitartekoei ere omenaldia egin diete hala EH Bilduko legebiltzarkideek, uste baitute "sufrimendu erantsia" jasaten ari direla, auziagatik inor epaitu ez dutelako.

PSE-EEko kideek ere oroitu dituzte. Lore eskaintza bat egin dute, beren aldetik. "Haien borroka eta hilketak ez ahaztea espero dugu", esan du Idoia Mendiak.

Ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurka

Berrogei urte igarota, gertakarien inguruko ahanztura eta zigorgabetasuna dira ardatz. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek proposatu du udalak berak auzitara eramatea 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa: frankismoaren krimenen aurkako kereilara ere udala akusazio gisa aurkeztea. Egun batzuk hartu dituzte taldeek Urtaranen proposamena aztertzeko.

Hain zuzen, urteurrenaren inguruan, zigorgabetasunaren inguruko jardunaldiak egin zituzten Arabako hiriburuan astelehenean eta asteartean. Nola bizi zigorgabetasuna? goiburua hartuta aritu ziren solasean zortzi biktima, eta "egia, justizia eta ordaina" galdegin zituzten.

Manuel Fraga zen Espainiako Gobernazio ministroa orduan, eta haren aginduetara zeuden segurtasun indarrak. Fraga jotzen da erantzule nagusitzat. Gasteizko gertakariak izan zirenean, Fraga Alemanian zen, bidaia batean, eta Adolfo Suarezen esku utzi zuen bere departamentuaren ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.