Bost edukiontzi edo laurekin errefusaren tipologia ez dela aldatzen azaldu du aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak eginiko azterketa batek dio zaborrontzien %56 erdia baino gutxiago beteta egon ohi direla

mikel p ansa
Donostia
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondakinen %81 birziklatzeko modukoak direla esana zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi aste. Orain datu gehiago eman ditu, eta azaldu du bost edukiontzirekin edo laurekin jasotzen den errefusaren tipologia antzekoa dela. Kantitateetan badira aldeak, baina diputazioak ez ditu kopuru osoak aztertu. Errefusa ikertu du; alegia, bereizita jasotzen ez diren hondakinak.

Atez ateko bilketarekin, bost edukiontzirekin funtzionatzen duten sistemetako errefusak eta lau edukiontzirekin funtzionatzen dutenetakoak aztertu ditu aldundiak. Eta ondorio honetara iritsi da: lau edukiontzirekin batutako errefusaren %64,5 materia organikoa da, bost edukiontzirekin jasotako errefusaren %66,1 organikoa den era berean. Atez ateko bilketan, aldiz, errefusean jasotako hondakinen %16,8 baino ez dira organikoak.

Herritarren parte hartzean dago datuaren gakoa. Atez ateko bilketan, herritar guztiak behartuak dira materia organikoa bereiztera. Errefusera eta, beraz, zabortegietara doan materia organikoaren kopurua murriztu egiten da horrela. Lau edukiontzien kasuan, ez da materia organikoa bereizita biltzen; eta bost edukiontzietan, borondatezkoa da materia organikoa bereiztea.

Ontzi arinei dagokienez ere, antzera gertatzen da. Bost edukiontziekin jasotako errefusaren %18,2 dira ontziak eta beira; lau edukiontzirekin, %17,7. Beste datu bat ere eman du aldundiak: atez ateko bilketa duten herrietan, %79koa da sisteman egoki parte hartzen dutenak. Lau edukiontzien kasuan, bilketa horretako ontziak egoki erabiltzen dituztenak %72 dira. Bost edukiontzien kasuan, %16ra jaisten da portzentaje hori. Aldea, berriro ere, parte hartzean dago: materia organikoa bereiztea borondatezkoa denez, bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenen portzentajea txikiagoa da, eta horrek bilketa ereduaren kalitatea jaisten du, materia organikoarentzako ontziak organiko guztiaren parte bat jasotzen duelako. Kaleko edukiontziei buruzko datu batzuk ere eman ditu aldundiak. Edukiontzien %56 erdia baino gutxiago beteta egoten direla, esaterako.

Ikerketa atzo aurkeztu zien diputazioak Hondakinen Aholku Batzordeko kideei. Diputazioak aldian-aldian berritzen du hondakinen izaerari buruzko azterketa. Azkenak 2007an eta 2001ean egin zituen. Oraingoan, bereizi gabe jasotzen diren hondakinak ikertu ditu. 2011n, 334.000 tona hiri hondakin sortu ziren Gipuzkoan. %33 bereizita bildu zituzten, eta gainerakoa, nahasita. Zabortegietara joan ziren bi heren horietan zer hondakin eta zer gai dauden aztertu dute, beraz, orain.

Egun Gipuzkoako zabortegietara eramaten diren hondakinetatik, %54,3 materia organikoa dira; %8,9, papera, kartoia eta egurra; %5,3, beira; eta %12,7, ontziak. Zabortegietara bidaltzen denaren %18,7 baino ez da birziklaezina; azken horren barruan portzentaje handia hartzen dute pixoihalek eta konpresek.

Nafarroan, artean, bosgarren edukiontziaren aldeko erabakiak hedatuz doaz. Jadanik lau mankomunitatek erabaki dute bilketa sistema horren alde egitea. 479.000 biztanleko eremu batean zerbitzu emango luke bosgarren edukiontziak; alegia, nafarren %88,8ri. Bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu duen azken mankomunitatea Erriberakoa izan da, aste honetan. Lehendik Iruñerriko, Erribera Garaiko eta Mairagakoek ere erabaki bera hartua zuten.

«Prebarikazioa»

Gipuzkoako aldundiak datu horiek eman dituen bitartean, EAJk ohartarazi du errauste plantaren proiektua etetea «prebarikazio» delitu bat izan daitekeela. Errauste planta egitea agintzen duen foru arau bat eta lurralde plan sektorial bat badirela eta haiei kontra egitea legea urratzea dela adierazi zuen, herenegun, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko ordezkariak. Hil honetan, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak jakinarazi du errauste plantaren proiektua bertan behera uztea proposatuko duela aldundiak. Arrizabalagak erantzun dio ondorio patrimonialak eta penalak ekar ditzakeela erabaki horrek.

Errauste plantaren egitasmoa ikerketa tekniko ugaritan oinarritzen dela eta Europak emandako agindu eta irizpideekin bat datorrela adierazi du EAJko kideak, eta «justifikazio sozial» argia duela erantsi du. Gainera, Europako Inbertsio Bankuak obrak egiteko finantzaketa bermatzen duela oroitarazi du. «Zorrotz bete beharreko erabakia» da errauste planta egitea, hortaz, Arrizabalagaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.