Bost gizon zigortu dituzte tabako kontrabandoagatik

Bi urte eta erdi eta bost urte arteko kartzela zigorra ezarri die Nafarroako Auzitegiak. Zigarretak ekoizten zituzten Aldazko etxalde batean.

jakes goikoetxea
2024ko martxoaren 26a
14:15
Entzun

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak kartzela zigorrak ezarri dizkie bost gizoni, tabako kontrabandoagatik eta jabetza industrialaren kontrako delituagatik: bost urte eta egun bateko kartzela zigorra hiru gizoni —horietako bati ezinbesteko laguntzailea izateagatik—, eta bi urte eta sei hilabetekoa beste biri, delituen konplizeak izateagatik. Beste bi akusatu errugabetu egin dituzte.

Beste bi delitu ere egozten zizkieten: erakunde kriminal bateko kide izatea eta langileen eskubideen kontra aritzea. Errugabetu egin dituzte.

Akusatuek tabako hostoak eramaten zituzten Aldazko (Nafarroa) etxalde batera, eta marka ezberdinetako zigarretak egiten zituzten bertan. Zigarretak egiteko fabrika bat zuten. Espainiako Guardia Zibilak hamasei pertsona atxilotu zituen 2022ko abenduan, ustez tabakoaren kontrabando sare bateko kideak zirelako. Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak ziren. Fiskaltzak hamabi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatu bakoitzarentzat. Egunean milioi bat zigarreta egiten zituztela eta guztira hamasei milioi tabako pakete ekoitzi zituztela uste zuen fiskaltzak.

Espainiako Guardia Zibila bertara sartu zenean, sei pertsona aurkitu zituen, ukrainarrak, giltzatuta. Auzitegiak uste du epaiketan ez dela egiaztatu sei langile horiek «erabili» egin zituztela, sakelako telefonoak kendu zizkietela eta lanegun luzeak egitera behartu zituztela —06:00etatik 21:00etara edo 22:00etara—, diru saririk jaso gabe eta atseden egunik eduki gabe.

Hiru milioi tabako kaxa baino gehiago atzeman zizkieten: 3.069.887. Haiek salduz gero, hamabost milioi eurotik gora jasoko lituzkete. Ia 31 tona tabako hosto eta tabako xehe ere bazituzten.

Akusatuek 51,2 milioi euro ordaindu beharko dizkiote Nafarroako Ogasun Departamentuari eta Espainiako Ogasun Ministerioari, atzeman dieten materialagatik eta 2020ko irailaren 29tik 2022ko maiatzaren 23ra arte ekoitzitako zigarreta guztiengatik. Ordaindu gabeko zergek eragindako zorra litzateke. Philip Morris tabako ekoizleari, berriz, 900.000 euro ordaindu beharko dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.