Bosgarren azterketa egin du bullying-az ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak. Gorakada erakutsi du azken ikerketak. Ikasleek erasoei buruz duten "pertzepzioa" bildu dute azterketan: alegia, galdetu diete jasan ote duten erasorik ikaskideen aldetik; ez dira, beraz, egiaztatutako erasoak. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak jakinarazi du bullying-aren kontrako plan bat lantzen ari direla. Hona, bost grafikotan, ikerketaren emaitza nagusiak.
1. Tratu txarren indize orokorra. Lehen Hezkuntzan, %23k adierazi dute “sarritan” edo “beti” jasan dutela bullying-a; DBHn, %19k. Sexuari dagokionez badago diferentzia: bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn, gehiago dira tratu txarrak jasan dituztela dioten mutilak.
Bullying-az ikerketa egin du @isei_ivei-k. 1: tratu txarrak jasan dituztela dio bostetik batek. Mutilak gehiago LHn eta DBHn. @berriapic.twitter.com/vRi1GkvmOn
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko ekainak 7
2. Indizearen eboluzioa. Gorakada nabari da. 2005eko datuak hartzen badira erreferentziatzat, Lehen Hezkuntzan bi puntu igo da tratu txarrak jasan dituztela esan dutenen portzentajea; DBHn, ia zazpi puntu. Hezkuntza arduradunek ez dute uste, hala ere, erasoen gorakada bat dagoenik horren oinarrian. "Tratu txarren indize orokorra goraka joatearen arrazoia izan daiteke tratu txarrak gizartean gero eta ikusgarritasun handiagoa izatea".
2. Aurreko azterketekin konparatuta, igoera nabari da tratu txarrak jasaten dituztela diotenen portzentajean. @berriapic.twitter.com/7ZCMAbfe8F
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko ekainak 7
3. Adinaren eragina. Adinak badu eragina bullying-aren pertzepzioan. Oro har, eboluzioari begiratuta, joera bat nabari da: adina zenbat eta handiagoa, tratu txarren pertzepzio txikiagoa. Hala ere, aurreko urteetako azterketekin alderatuta, ikasle gehiago dira bullying-a jasan dutela diotenak.
3. Adina. Joera bat nabari da: zenbat eta gazteago, tratu txarren pertzepzio handiagoa. Gorakada orokorra da, hala ere @berriapic.twitter.com/m0CrDhWT0B
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko ekainak 7
4. Nolako erasoak. Nolako erasoak jasan dituzten galdetuta, "ahozko tratu txarrak" ageri dira lehen postuan: ia zazpi ikasletik batek diote hitzez eraso dietela. Ondoren datoz “gauzei erasotzea”, “gizarte baztertzea”, “tratu txar fisikoak”, “ziberbullying-a” eta “sexu jazarpena”. Ahozko erasoak dira nagusi, beraz. ISEIk ohartarazi du ez dela txikitu behar horien garrantzia: “Oso akats handia da oharkabean joaten uztea. Ezin da ahaztu pertsona baten konta etengabe erabilitako hitzezko indarkeriak seriotasunez kalte egin diezaiokeela haren autoestimuari, eta, gainera, hitzezko erasoa jasan duela sentitutako pertsona askoz babesgabeago bihurtzen da beste tratu txar motak jasateari buruz”. Datu bat eman du: ahozko tratu txarrak jasan dituzten erdiek esan dute beste eraso batzuk ere jasaten dituztela. Ziberbullying-a ere gora doa, datuen arabera.
4. Eraso motak. "Ahozko tratu txarrak" dira ohikoenak bi irakastaldietan. @berriapic.twitter.com/DmeU4QRzIW
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko ekainak 7
5. Norekin hitz egin. Tratu txarrak jasaten dituzten gehienek lagunekin eta familiarekin hitz egiten dute horri buruz. Aldeak daude, hala ere: DBHko ikasleek gehiago jotzen dute lagunengana, eta gutxiago familiarengana eta irakasleengana. Galdetu diete, baita ere, tratu txarren aurrean nork esku hartzen duen, eta gehienek erantzun dute lagunek ekiten diotela: Lehen Hezkuntzan %78k esan dute hori, eta DBHn, %82k. Irakasleen esku hartzea askoz ere txikiagoa da: Lehen Hezkuntzan, %39; DBHn, %26.
5. Norekin hitz egin. Gehienek lagunengana eta familiarengana jotzen dute. Alde nabarmenak irakastaldiaren arabera. @berriapic.twitter.com/AewEoa7qQe
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko ekainak 7