Beste bost milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskampus proiektuan. Espainiako Gobernuak kolokan jarri du unibertsitateen Bikaintasun Campus plana, baita haiek jaso beharreko laguntzak ere —EHUk ez ezik, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere lortu zuen izendapena planean—. Jaurlaritzak berretsi du Euskampus proiektua babesten segituko duela; beste bost milioi euro emango dizkio, batez ere ikertzaileak eta enpresak lotzeko. «Egoera ekonomikoak behartzen gaitu ikertzaileek sortutako jakintza lehenbailehen iristera produkzio sistemara», nabarmendu du Isabel Zelaak, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.
EHUk eta NUPek azken hilabeteetan jasotako kolpe handienetakoa izan da Bikaintasun Campus egitasmoa bertan behera uztea. Neurria zuritzeko, unibertsitateen egoera jarri du auzitan Hezkuntza Ministerioak, esanez izendapena lortu zuten guztiak ez direla «bikainak»; hots, ez dutela meriturik izendapena lortzeko eta laguntzak jasotzeko. Ikerketa sustatzeko planak bultzatzea zuten xede nagusi EHUk eta NUPek.
Madrilgo gobernuaren jarrera gorabehera Euskampus planarekin aurrera egiteko asmoa dutela jakinarazi du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. «Ez dugu beste leku batzuetara begira egon behar; gure buruari begiratu behar diogu, helburuak lortze aldera lan egiteko dugun gaitasunari, eta gure erakundeen babesari». Azaldu du Espainiako Gobernuak 8,5 milioi eman zituela 2010ean izendapena jasotzean. Defizit muga bete ez duten erkidegoetako unibertsitateei laguntza kentzea izan da PPren gobernuaren lehen pausoa; NUPi eragin dio horrek.
Ikerketan inbertitzearen garrantzia nabarmendu du Zelaak: «Jakintza gehiago izateak enplegua dakar, kalitatezko enplegua». Haren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «oasia» dira murrizketei dagokienez. Bost milioi horiekin 40 lanpostu sortuko dituzte.
Bost milioi jarriko ditu Euskampus planean Zelaak, ikertzaileak eta enpresak lotzeko
Bikaintasun Campusa programa eten egin du Espainiako Gobernuak, baina planari eusteko asmoa azaldu du EHUk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu