Bost pertsona hil dira trafiko istripuetan azken lau egunetan

Hildakoetako hiru motozaleak dira. Azkenekoa astelehen gauean zendu zen, Ordizian, N-1 errepidetik aterata

Ertzaintza trafiko istripu bat artatzen. ERTZAINTZA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko azaroaren 14a
10:18
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan berri den asteburua beltza izan da euskal errepideetan, eta astelehen gauean are gehiago luzatu zen zorigaitzen zerrenda. Ostiralaz geroztik bost pertsona hil dira zirkulazio istripuetan; haietatik hiru, motozaleak. Azkenekoa astelehen gauean zendu zen, 21:30ak aldera, bidetik irtenda, Ordiziatik (Gipuzkoa) igarotzen den N-1 errepideko tartean. 48 urte zituen, eta, larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren arren, ezin izan zuten suspertu.

Asteburuan hildako hirugarren motozalea izan zen, eta hirurak gizonezkoak ziren. Aurretik, igandean, 58 urteko beste bat zendu zen Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen Aizpurutxoko errepidean (Gipuzkoa); eta ostiral gauean 28 urteko bat hil zen Zornotzan. Istripua N-634 errepidean izan zen, eta motozaleak auto batekin egin zuen talka.

Motozaleez gain, larunbatean 56 urteko auto gidari bat ere hil zen istripuz Berastegin (Gipuzkoa). Gidatzen zuen noranahiko ibilgailua bidetik irten zen GI-2130 errepidean. Ostiralean, berriz, 34 urteko emakume bat hil zen Gasteizen, auto batek harrapatuta. N-622 errepidean izan zen istripua, Zadorra etorbidera igarotzeko sarreran.

Ezbeharretako hiru Gipuzkoan izan dira, eta dagoeneko 22 dira aurten lurralde horretako errepideetan hildakoak. Erdiak motozaleak izan dira, eta hamalau hil dira udalerrietatik kanpoko errepideetan —autobideak, errepide jeneralak...—. Istripu gehienak mota horretako errepideetan izaten dira. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, aurten 34 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian udalerrietatik kanpoko bideetan. Iaz 47 izan ziren denbora tarte berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.