Bost urte ondoren, egia bahiturik dago

2009ko apirilaren 18an joan zen Tolosara Jon Anza. Hamaika egun geroago eraman zuten osasun zerbitzuek erietxera. Hamaika egun horietan zer gertatu zen galdezka segitzen du familiak.

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza. 2009an. Bost urte geroago, deus gutxi argitu da, eta, aldiz, zalantzak eta susmoak areagotu dira. 2010eko apirilaren 11n jakin zen ofizialki Anzaren gorpua Okzitaniako Tolosa hiriko Purpan erietxean zegoela. Geroztik izan da ikerketarik; etengabeak familia eta lagunenak. Baina bide horrek isiltasun eta sekretuen hesiarekin egin du topo behin eta berriz. Bertze alde batetik, Frantziako Justiziak itxi ditu ikerketak, Anzaren heriotza «naturala» izan zela iritzita. Ageriko frogak, ordea, ezin ukatu. Frantziako Justiziaren eta Poliziaren «disfuntzioak» onartu dituzte, bai Tolosako epaileak, bai garai hartako Baionako prokuradore Anne Kayanakisek berak. Ikerketak ez du kontuan hartu Anzaren izaera politikoa eta balizko gerra zikinaren ardatza. Aitortutako «disfuntzio» horiek ikertzeari uko eginik, kasua argitzeko biderik emankorrena ikertzeari uko egin dio Miryam Viargues-ek, Tolosako instrukzio epaileak.

1. Familiaren galderak

Joan den uztailean auzibidea ixteko eskatu zion Tolosako prokuradoreak epaileari, ebatzita minbiziak enbolia bat eragin ziola Jon Anzari. Familiak, eskaria gaitzesteaz gain, borondate irmoa berretsi zuen egia argitzeko aldarria atxikitzeko. «Ez da egiazko ikerketarik izan, eta epaileak ez gaitu hartu nahi izan; sasi-inkesta honek ez du deus eman», erran zuen Maixo Pascassiok, Anzaren neska-lagunak. Jakinarazi zuten eskaria Europako auzitegietara eramanen dutela Frantziak egia osoa argitzen ez badu.

Familiaren galderak erantzunik gabe daude oraindik: non egon zen Anza, desagerturik egon zen 11 egunetan? Zergatik ez zuten onartu familiaren konfiantzazko medikua autopsian? Zergatik ez du onartu epaileak familia presente egotea poliziari egindako galdeketetan? Zergatik ez dira ikertu «disfuntzioak»? Loturarik ote dago Adagio hoteletik pistola bertan ahaztuta alde egin zuten Espainiako polizien eta Anza kasuaren artean?

2009ko maiatzaren bukaeran abiatu zuen Baionako Poliziak inkesta, Anne Kayanakis prokuradorearen aginduz. Familiak2010eko martxoaren 11n jakin zuen Jon Anzaren gorpua atzeman zutela Tolosako Purpan erietxean. Bertan zegoen 2009ko apirilaren 30ean osasun zerbitzuek Tolosako Strasbourg etorbidean atzeman eta erietxe horretara eraman zutenetik. Osasun zerbitzuek ez zuten lortu jakitea nor zen pertsona hura. Nor zen argitzeko eskatu zioten behin eta berriz prokuradoreari. 2009ko maiatzaren 11n zendu zen Anza bertan, nor zen argitu gabe. 2013an Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko kazeta-k ikerketa bat plazaratu zuen, eta jakinarazi Frantziako Poliziak erran zuela Anzaren gorpua ez zela egon Tolosako erietxean.

«Taubirak inkesta egin beharko luke disfuntzio guztiak argitzeko, eta ikertzeko Baionako prokuradoreak zer egin zuen, Tolosakoak zer egin zuen, Poliziaren jokamoldea, erietxean zer gertatu zen, pasaportearena... Zerrenda luzea da. Ez dago inongo ardurarik, ez zigorrik, ez dimisiorik» adierazi zion Pascassiok BERRIARI.

2. Azalpenik ez

2009ko apirilaren 30ean Purpan erietxera eraman zutelarik, Anzak aldean zuen Baiona-Tolosa tren txartela. Soinean zeraman arropa ere ikerketarako baliagarri zatekeen. Gorpua atxiki zuten urtebetez, baina hura nor zer argitzeko balia zitezkeen aztarna horiek, ez. Anzaren pasaportea ere objektu galduen bulegoan agertu zen. Norbaitek utzi zuen polizia etxe batean, eta identifikatu gabeko polizia batek utzi zuen bulego horretan. Hilabeteetan ez zioten helarazi familiari. Erietxearen eta prokuradorearen arteko komunikazioak ere susmoak sortu ditu. Ezezagun bat zutela jakinarazi zioten erietxeko zerbitzuek behin eta berriz Tolosako prokuradoreari, Poliziari. Nahiz eta Baionako prokuradoreak Anza bilatzeko prozedura abian ezarri, ez zuen piztu Poliziaren arreta.

«Disfuntzio gehiegi sinesgarriak izateko. Zerbait dago gibelean. Zerbait gorde nahi digute, eta zer den jakin nahi dugu», ebatzi zuen Pascassiok. Anzaren familiak desagerpenaren salaketa jarri zuen egun berean, guardia zibil talde batek arrapaladan utzi zuen Tolosako Adagio hotela, eta gelako ohearen matalaz azpian bi pistola ahantzi. Anzaren desagertzearen eta gertakari horren artean loturarik ez dagoela ebatzi zuen epaileak.

3. ETAko kidea

Pascassiok gogoratu du inarrosaldi bikoitza hartu zutela, «hilik agertu zelako eta haren heriotza eta desagertzea argitzeko elementurik ez zegoelako». Gorpua agertzearekin batera, agerian gelditu ziren inkestaren akatsak. «Anzaren heriotza eta desagertzearen arrazoiak atzemanen zituela agindu zuen Kayanakisek, baina orduan zeuden galderak areagotu egin dira geroztik», zioen Julien Brell familiaren abokatuak.

Anza ez zen pertsona arrunta. ETAko militantea izateagatik hogei urte pasatu zituen Espainiako espetxeetan. Tolosarako bidaia egin aitzin, Poliziak bazekien ETAko kidea zela, abokatuaren hitzetan. Abokatuek militantzia politikoa azpimarratu zuten, eta erran ez dela sinesgarria ez jakitea, hamar hilabeteren buruan, Purpan erietxeko gorputegian zeukaten hura Jon Anza zela. Autopsia egin ziotelarik, haren gorpua biziki usteldua zegoen. Funtsezkoa zatekeen hil eta berehala azterketa toxikoa egitea gorpuari, edo ileen aztertzea. Egin izan baliote, beharbada Anzaren heriotza naturala izan zela errateko arrazoirik ez zuen izanen epaileak, abokatuaren iritziz. Baina gorpua autopsiarik egin gabe atxiki zuten, arauak urratuz, baldintza txarrean.

«Kontuan harturik Anzaren nortasuna eta militantzia politikoa, Euskal Herriko historia politikoan argitu gabe gelditu diren kasu ilunak, ezin zen heriotza naturalaren tesia ikertzera mugatu, bertze tesi guztiak baztertuz», erran zuen abokatuak. Anza desagertu zen garaian, Juan Mari Mujika iheslari politikoa bahitu zuten, eta handik ordu gutxira libre utzi. Polizia espainiarrak zirela salatu zuen. Epaileak ez du ikertu bahiketa politikoaren tesia.

Galdera nagusia erantzunik gabe dago oraindik. Zer gertatu zen 2009ko apirilaren 18tik 29ra? Anzaren osasunak botikak hartzera behartzen zuen, artak behar zituen eta ez zen horren arrastorik atzeman agertu zelarik. Zeraman motxila ere ez da agertu. Egia ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.