Bost urteko espetxe zigorra gizon bati, gazte trabestitu bat hiltzen saiatzeagatik

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen ari zen biktima, zenbait lagunekin batera, Iruñeko Alde Zaharrean. Nafarroako Probintzia Auzitegiak «giza hilketa saiakera» egotzi dio 24 urteko erasotzaileari.

LGTBIfobiaren aurkako kalejira bat, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
LGTBIfobiaren aurkako kalejira bat, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 15a
11:30
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiak bost urte eta hilabete bateko espetxe zigorra ezarri dio 24 urteko gizonezko bati, iazko ekainaren 26an beste gazte bati labanaz eraso egin eta hura hiltzen saiatzeagatik. Iruñeko Alde Zaharreko taberna baten kanpoaldean hasi zen erasoa. Biktima trabestituta zegoen, beste zenbait gazterekin batera, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen ari baitziren, eta irainka hasi zitzaien erasotzailea. Horren ostean, labana atera eta gazte trabestituei oldartu zitzaien. Biktimak bost egun eman zituen ospitalean, erasoak zauri larriak eragin baitzizkion bularraldean, bihotzetik eta gibeletik gertu.

Goizaldeko ordu txikitan hasi zen erasoa, 04:50 aldera. Erasotzaileak eta biktimek Iruñeko Baratxurien plazan egin zuten topo, taberna baten kanpoaldean. Auzipetua irainka hasi zitzaien gazteei. Horren ostean, Yanguas y Miranda kalean elkar ikusi zuten berriz, eta erasotzaileak oihu egin zien: «marikoiak», «putasemeak» eta «hilko zaituztet» esan zien, besteak beste. Kolpe batez, txanoa kendu zion gazte trabestituetako bati, eta besteak kargu hartzera hurbildu zitzaizkionean, labana atera zuen, eta hura astintzen hasi zen. Ukaldietako batean, gazteetako bat besoan zauritu zuen. Epaileak frogatutzat jo du, horren ostean, beste biktimetako bat hiltzen saiatu zela erasotzailea, zenbait labankada eman baitzizkion bularraldean, sabelaldean eta sorbaldan, zauri larriak eraginez. Erasoaren ondorioz, hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten biktimari ospitalean.

Bost urteko espetxealdiaz gain, sei urteko urruntze agindua ere ezarri diote. Akusatuaren defentsa bat etorri da kondenarekin, «toxikomania eta horditasuna» aringarri gisa onartuak izan ostean. Erasotzaileak berak onartu du eginikoa: esan du ez zuela inor zauritzeko asmorik, baina drogatuta zegoela. Sorterria Marokon du gizonak, eta epaileak ebatzi du zigorraren erdia beteko duela espetxean eta, horren ostean, Marokora itzularaziko dutela. Behin-behineko espetxealdi komunikatuan izan da iazko ekainaren 26an atxilotu zutenetik.

Eraso lesbofobo bat

Horrez gain, igande goizaldean gizon batek eraso lesbofoboak egin zizkien bi emakumeri Getxoko (Bizkaia) Elexalde auzoko jaietako eremuan. Erasotzaileak irain lesbofoboak esan zituen lehenengo, eta, ondoren, ukabilkada bat jo zion emakumeetako bati. Tinpanoa hautsi zion, eta ospitaleratu egin zuten.

Erasotuek salaketa jarri dute gizon horren aurka, eta Ertzaintza haren bila ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.