Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak kargurako hautatu berritan esan dituenak entzun ondoren, EAJ «bere zilborrari begira» ari dela ondorioztatu du ezker abertzaleak. Euskal Herriak «erronka historikoa» duen arren EAJk «alderdi interesak» lehenetsi dituela eta «botere gosez» ari dela. Horixe erakusten du, ezker abertzalearen ustez, asteburuan egindako batzar nagusian Eusko Jaurlaritza berreskuratzea helburu nagusitzat finkatu izanak.
Egungo egoeran, ordea, beste «bi erronka nagusi» daudela ohartarazi dio ezker abertzaleak: «Gatazka politikoaren konponbide integral eta behin betikoa» da lehen behar hori, Maribi Ugarteburuk eta Txelui Morenok agerraldi batean azaldu dutenez. Betirako konponbide horretarako gatazkaren «erro politikoei» zein «ondorioei» eutsi beharko zaiela adierazi dute.
Herri gisa alternatiba bat
«Egun jasaten dugun krisi bikoitzari» aurre egiteko, «herri gisa alternatiba bat eraikitzea» da, ezker abertzalearen aburuz, bigarren erronka nagusia. Krisi ekonomikoari eta «estatu ereduaren krisiari» aurre egiteko ikusten du premiazko «alternatiba». Krisi horiei erantzuteko Euskal Herriarentzat «subiranotasun ekonomiko eta politikoa» lortzea «ezinbestekoa» dela dio.
Egoerari aurre egiteko «borondatea eta konpromiso argia» behar dela ohartarazi du ezker abertzaleak. «Estrategia eraginkorrak eta hitzarmen bateratzaileak ere» beharko direla. EAJk, ordea, ez du halakorik aipatu batzar nagusian. Eta EAJk bi eremu horietan «estrategiarik ez edukitzeak» badu «arrazoi» bat, Ugarteburu eta Morenoren hitzetan: «EAJren lehentasuna EAJ bera da». Horregatik, salatu dute ez duela «egoerak eskatzen duen neurriko konpromisorik hartu». «Erronka historikoaren» aldean botere gosea lehenetsi duela.
«EAJren lehentasuna gobernura iristea da», esan dute. Estatus berria eskuratzeko ekimena, berriz, hiru herrialdeetarako «zelofan proposamena» besterik ez dela uste dute. Hiru urtez «gorderik» izango dutela, gainera.
Hain zuzen, 2015erako proposamen horren helburua «alternatiba estrategikorik ez duen EAJren beharrei erantzutea» dela iruditzen zaie. Horrexegatik ez duela «ez proposamena aurrera eramateko edukirik ez borondaterik». «Ez dakigu estatus berri hori zer den ere; ez du mamirik», adierazi du Ugarteburuk.
Gauzak horrela, hemendik aurrera EAJ «hauteskunde kanpaina etengabean» murgilduko dela uste du. «Ajuria Enea konkistatzeko» egingo duela indarra. PPrekin «lehentasunezko harremanak» izaten saiatuko dela ere iruditzen zaio, eta PPrekin elkarlanean arituko dela.
Ezker abertzalearen ustez, ordea, «Euskal Herriaren zerbitzurako definizio estrategikoa» egin behar luke EAJk; gatazka betiko konpontzeko eta subiranotasun politiko eta ekonomikoa lortzeko «bide orri zintzo eta erreala» marraztea. «Horixe eskatzen du garai honek».
«Botere gosea» alboratzeko eskatu dio ezker abertzaleak EAJri
Ezker abertzalearen ustez, konponbiderako eta subiranotasunerako «bide orri zintzoa» landu behar luke EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu