Hilean 400 euroko pentsioa edo txikiagoa jasota ere, berdin izango du: zaharren egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileek botika batzuk osorik ordaindu beharko dituzte aurrerantzean. Dagoeneko hasi dira aldaketak egiten zaharren egoitza batzuetan. Espainiako Gobernuak ekainean aurkeztu eta irailaren 1etik indarrean jarri zuen dekretuak pentsatu baino eragin handiagoa izango du Hego Euskal Herrian. Gipuzkoako Diputazioak kontuak eginak ditu eta uste du, batez beste, erabiltzaile bakoitzak hilean hamasei euro ordaindu beharko dituela botikak.
Sendagaien berrordainketa ezartzeko neurriek bezala, sendagai batzuk osorik pagatzeko Madrilgo gobernuaren erabakiak ere nahasmena eragin du. Eusko Jaurlaritzak, diputazioek eta zaharren egoitzek ez dute elkarren berririk, eta ez dakite neurria nola ezarri behar den seguru. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren agindua betetzen hasi dira zaharren egoitza batzuetan, BERRIAk jakin ahal izan duenez.
Gobernuak ekainean jakinarazi zuen osasun sistemaren zerbitzuetatik 417 botika kentzeko asmoa zuela, urtean 458 milioi euro aurrezteko asmoarekin. Irailaren 1ean sartu zen indarrean neurria. Harrezkero, 417 botika horiek erosi nahi dituztenek osorik ordaindu behar dituzte. Tartean badira ohiko botika batzuk, Almax, Fortasex eta Mucosan, esaterako.
Botika horietako batzuk beste batzuekin ordezka daitezkeela esana du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehenago, eta hala errepikatu du orain. Zaharren egoitzek ere onartu dute hori, baina botika batzuk ezin dituztela ordezkatu adierazi dute; ordezkatu ezin dituzten sendagai horiengatik kobratzen hasiko direla, asteotan hasi dira senideak abisatzen.
Eusko Jaurlaritzak ez du argitu botikak kobratzen hasteko agindua nork eman duen. Botika horiek zerbitzuen zerrendatik kentzeko moduarekin ez dagoela ados esan du Osasun Sailak; erantsi du zerrendatik kendu diren botikak zergatik kendu diren ez duela azaldu gobernuak, ez dagoela argi «irizpide zientifikoak» jarraitu ote dituen. Salbuespenak aintzat hartu behar liratekeela uste du Jaurlaritzak, gaixo batzuek ezinbesteko dituztelako zerrenda horretatik kendu diren botiketako batzuk. Baina Madrilgo gobernuak ez dituela eskari horiek aintzat hartu, eta irailean indarrean sartu zen dekretua betebeharrekoa dela azaldu du.
Neurriarekin kezkaturik da Gipuzkoako Diputazioa ere; jakinarazi du Osasun Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi ziola botika batzuk osorik kobratzearekin ez dagoela ados. Diputazioek, ordea, osasun kontuen gaineko eskumenik ez dutela zehaztu du, eta ezer gutxi egin dezakeela horri buruz.
Bestetik, EAEko Arartekoak atzo jakinarazi zuen Osakidetzako erabiltzaile bati osasun arreta pribatua ordaindu diola administrazioak. Osasun sistema publikoan diagnostiko bat bizkor egiteko agindu zioten pertsona horri, baina itxarote zerrenda hiru hilabetekoa zenez zerbitzu pribatura jo zuen. Horren faktura Osakidetzari eman zion, baina hark uko egin zion ordaintzeari. Arartekoari kexatu zitzaion orduan. Zentro pribatu batera joatea «justifikatua» zegoela ebatzi zuen Arartekoak, eta ordainketa egiteko eskatu zuen. Osasun Sailak zerbitzuaren kostua ordaindu zion, azkenean, erabiltzaileari.
Botika batzuk kobratzen hasi zaizkie zaharren egoitzen erabiltzaileei
Edozein pentsio dutela ere, berdin ordaindu beharko dituzte botikak, Madrilgo gobernuaren dekretuaren eraginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu