Sorturen legeztatze prozesua

Boto partikularrak dio susmoetan oinarritzen dela autoaren kontaketa

Indarkeriaren arbuioari jurisprudentziak ematen dion garrantzia kontuan ez hartzea egotzi dio boto partikularrak gehiengoari«Sortu ezin da Batasunaren jarraipen gisa sailkatu», boto partikularraren arabera

Pello Urzelai.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Auzitegi Goreneko 61eko aretoko zazpi magistratuk gainerako bederatzien autoaren kontra sinatutako boto partikularra desadostasunaren adierazpena baino askoz gehiago da. Benetako ebazpen alternatiboa da, Sorturen aldeko argudiatze landua baita. Boto partikularra sinatu duten zazpi epaileek, 60 orritan, desmuntatu egin dute salaren gehiengoak 217 orritan osatutako autoa. Argudioz argudio, frogak aztertuta eta jurisprudentzia kontuan hartuta. Boto partikularra, beraz, helduleku ezin hobea izango da Sorturen defentsarentzat helegitea aurkezteko unean.

Boto partikularraren arabera, «Sortu ezin da lehenagoko Batasunaren jarraipen gisa sailkatu, baizik eta Ezker Abertzalearen sektore garrantzitsu batek Konstituzioaren parametro eta eskabideen arabera sortutako alderdi berri bat gisa».

Boto partikularraren aldeko zazpi epaileen ondorioak sendoak eta biribilak dira. «Boto partikular honen sinatzaileek uste dute gehiengoaren ebazpenak frogaren balorazioaren ordez kontakizun baten eraikuntza egin duela». Beste era batera esanda, Sortu eta ETAren arteko loturaren baieztapena «bakarrik egin liteke funts sendorik gabeko aieru eta susmoetan oinarritutako kontaketa baten bidez». Gehiengoak Sorturen sorkuntza ETAren aginpide zuzen baten ondoriotzat jotzen du, ETAren 2009ko dokumentu luze batean oinarrituta, eta, boto partikularraren arabera, «aipu partzialekin eta hamaika froga-elementuk ezeztatutako susmoekin justifikatzen ditu». Horrez gain, boto partikularraren sinatzaileen ustez, «gehiengoaren ebazpenak ez du kontuan hartzen jurisprudentziak alderdi berriaren estatutuetan jasotzen den indarkeriarekiko arbuioari ematen dion balio erabakigarria».

Frogen azterketari garrantzi handia eman diote boto partikularraren egileek. Sorturen kontrako eskabideak aurkeztu dituztenei dagokie frogatzea balizko iruzurra, baina horrelakorik ez da gertatu, boto partikularraren arabera. Bi arrazoibide nagusi eman ditu ondorio horri eusteko: batetik, ezker abertzalearen barneko desadostasunei buruzko zantzu ugariren existentzia eta, bestetik, alderdi berriaren estatutuetan indarkeriari buruz agertzen den jarrera argia. «Horregatik, Zuzenbide Estatuaren printzipioen arabera, jurisprudentzia konstituzionalean eta europarrean zehazten denez, ezinbestekoa da», dio boto partikularrak, «alderdi berriaren jarduera onartzea, terrorismoarekiko elkarkidetza frogatzen ez den bitartean».

Tesi nagusia, hankaz gora

61eko aretoaren gehiengoaren tesi nagusia da Sortu ETAren estrategiaren kate mailatzat jotzea, eta horren oinarri nagusia 2009ko udako dokumentu bat, ETAri egotzitakoa, Prozesu demokratikoa izenburukoa. Dokumentu horretan egongo litzateke ETAren plana, gerora gauzatuz joan dena Sortu eratu arte. Gehiengoaren autoaren arabera, legez kanporatutako erakundeekiko haustura eta ETAren indarkeriaren errefusatzea «maskara bat» baino ez litzateke izango. Boto partikularraren sinatzaileen iritziz, ordea, tesi hori ezin da frogatutzat eman eta ez dauka probabilitate gradu nahikorik onartua izateko. Aitzitik, boto partikularraren sinatzaileek «kontrako hipotesi faktikoa» garatu dute, gehiengoarena hankaz gora jarriz. Adibidez, aipatutako Prozesu demokratikoa izenburuko agirian jasotzen diren faseak ez direla betetzen eta indarkeriaren arbuioarekin ez dela uztartzennabarmentzen dute. Adibidez, gogoratzen dute «0 fasea» ETA eta Gobernuaren arteko itunetik abiatzen dela eta horrelakorik ez dela gertatu. Horrez gain, uste dute ezker abertzalearen barne eztabaida «bizia» indarkeria alde batera uzteko beharrari buruz eta horrek hobeto azaltzen duena ondoren gertatutakoa. «Ezin daiteke onartu, gure ustez, frogatutzat jotzea indarkeriaren arbuioa ETAk egindako planari men egitetik etortzea. Adierazpen dokumental hauek errazago azaltzen dira Ezker Abertzalearen barneko elementu ezberdinenen arteko desadostasunen ondorio gisa». Gehiengoak 2011ko urtarrilean jakinarazitako su-etena 2009ko planaren barruan kokatzen du. Beste zazpi epaileek, ordea, uste dute presioen ondorio izan daitekeela, eta ohartarazi dute egiaztatzearen kontua ez zegoela 2009ko dokumentuan eta ETAk onartu behar izan duela.

Boto partikularraren sinatzaileek nabarmendu dute gehiengoak ez dituela aintzat hartu fiskalaren eta Estatuaren abokatuaren lekuko nagusiaren azalpenak eta horien arabera egiaztatutzat eman zitekeela ezker abertzalearen barne tirabirak. Izan ere, lekuko horren testigantzak «talka egiten du aurez aurre» Prozesu demokratikoa agiriaren inguruko tesi nagusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.