Radio Euskadin eginiko elkarrizketan, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azaldu du datorren astean deituko diela Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko gainerako taldeei. Haren helburua da datorren legealdian estatus politikoa berritzeko "gutxieneko oinarri komunak" ezartzea.
Horretarako, EH Bildu eta PSE-EErekin bilatuko du akordioa, estatus berriak 1979ko estatutuak baino babes zabalagoa izan dezan. Horrek "zilegitasun sozial oso zabala" emango lioke estatutu berriari, Ortuzarren arabera. Inkestek iragarri dutenez, Ahal Dugu-k ordezkari ugari izango ditu Eusko Legebiltzarrean datorren legealdian, eta alderdi hori ere estatus berriaren aldeko akordioan egotea nahi du Ortuzarrek.
Ortuzarrek hori esanda, uler daiteke Eusko Jaurlaritzak ez duela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ekainera aurreratzeko asmorik. Ekainean egitekotan, datorren astean beharko luke Urkulluk bozetara. ETBko En Jake programan eginiko elkarrizketan, ordea, esan du legealdian "egiteko asko" dutela oraindik, eta espero duela Espainiako Gorteetarako bozek Eusko Legebiltzarraren jardunean ez eragitea.