Bozen itzalean abiatu da negoziazioa

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu legea onartzeko elkarrizketak abiatu ditu Pedro Azpiazu sailburuak oposizioko alderdiekin

Pedro Azpiazu sailburua, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari aurrekontuak aurkezten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko azaroaren 15 eta 16an egin beharra dute inbestidura saioa Espainiako Kongresuan. Hortik aurrea, atzerako kontua hasiko da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzeko. Bozen giro horren itzal luzean abiatu ziren atzo Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioak, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren eta oposizioko alderdien artean.

Jaurlaritzaren izenean, Azpiazuk berak azaldu zituen lehen bilera sailaren nondik norakoak, hasi orduko joko-arauak finkatuz: «Ez ditugu egiturazko aldaketak egingo, ez aurrekontukoak, ez beste atalekoak ere». Atzoko lehen harreman horren bidez, aurrekontuak adosteko «benetako aukerak» ote dauden jakin nahi zuen gobernuak. «Errealismoaren eta zintzotasunaren oinarritik» negoziatuko duela ohartarazi zien alderdiei sailburuak.

Azpiazuk adierazi duenez, EH Bilduk «modu orokorrean» helarazi dizkie eskaerak, eta datorren astean proposamen zehatzago bat bidaltzekoak dira, negoziazioa has daitekeen edo ez aztertzeko.

EH Bilduko bozeramaile Nerea Kortajarenak ohartarazi du egunotan EAJren eta PSE-EEren gobernuak aurkeztutako aurrekontuak azken urteotan markatutako bidearen «segida» direla. Azpiazurekin elkartu aurretik ere, Kortajarenak azpimarratu zuen atzo kontu horietan ez dela «autokritikarik» egin, «betikoa» egiteko direla, «diru pixka bat gehiagorekin».

Edonola ere, azken urteotan salbuespena izan da Gasteizko gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuak adostea. 2021ean lortu zuten akordioa, 2022ko aurrekontuen bozketan abstentzioa eman zezan koalizioak, baina iaz, esaterako, ez zen akordiorik egin aurtengo aurrekontuei begira. EAEko hegemonia politikoa jokoan izango duten hauteskundeen atarian, ez du erraza ematen EAJk eta EH Bilduk akordio bat erdiesteak. Alderdiak bozei begira ari dira jadanik, kanpainan helaraziko dituzten mezu politikoak estrategia orokor eta logiko batean txertatzeko lanean.

Kortajarenak azken egunetan ez du ikusi «akordiorako borondaterik» gobernuan. Horrela esan zuen atzo bilerara sartu aurretik. Jaurlaritza «anbiziorik gabe, ideiarik gabe» ikusten du. «Ematen du amore eman dutela».

360 milioiko proposamena

EH Bildurekin bakarrik ez, atzo Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PPrekin ere elkartu zen Azpiazu. Ezkerreko koalizioko bozeramaile Miren Gorrotxategik aurreratu zuen 360 milioi euroko proposamen bat helaraziko diola gobernuari. Konpromiso politiko batzuk ere gehitu ditu EP-IUk bere eskaeran; besteak beste, Espainiako Etxebizitza Legearen aurka Jaurlaritzak jarritako helegitea erretiratzea. Oinarri horrekin, 2024rako aurrekontuak adosteko bidea egitea espero du Gorrotxategik.

PPk, berriz, EAJri egotzi dio «euskal familiei kalte egiteko politikei helduta jarraitzea», ez duelako aldaketarik egin atal fiskalean. Carlos Iturgaiz PPko bozeramaileak erantsi du jeltzaleek «ezker muturreko politika sanchistak» egiten dituztela, baina, hala ere, aurrekontuei buruz hitz egiten jarraitzeko prest azaldu da Iturgaitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.