Azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara EArekin, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin aurkezteko eskaintzari baiezkoa eman dio Aralarrek, militanteen %71,75ek babestuta. Txosten politikoa onartuta, ez zen ezustekorik izan atzo Derioko Seminarioan (Bizkaia), Aralarren V. Biltzarrean. Ezta zuzendaritza berriaren egituran ere: Patxi Zabaletak koordinatzaile nagusi jarraituko du, afiliatuen %84,5en botoekin.
Aurrera begirako ildo politikoa erabaki behar zuen Aralarrek atzoko kongresuko goizeko saioan, eta, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak adierazi zuenez, «eztabaida luzea, indartsua baina errespetuzkoa» izan zen. Txosten politikoaren botazioa isilpekoa izan zen, afiliatuek hala eskatuta, eta emaitzek txostenaren behin betiko onarpena ekarri zuten: militanteen %71,75 agertu ziren txostenaren alde, %23,77 kontra, eta %4abstenitu egin ziren.
Hala, irailaren 3ko Hegoaldeko Batzarrean baino babes handiagoa lortu zuen atzo aliantza eskaintzak, orduan militanteen %61,4k bozkatu baitzuten bozetara Bilduko alderdiekin aurkezteko proposamenaren alde. %10eko alde hori «aldaketa esanguratsua» dela adierazi du Zabaletak: «Proposamen helduagoa da; testuak hobekuntzak izan ditu, eta hobeto ulertu da».
Atzoko saiorako bost zuzenketa geratzen ziren bozkatzeko, eta bostak atzera bota zituzten afiliatuek. Hain justu, txostenaren aurka egin zutenen antzeko kopuru batek bozkatu zuen zuzenketon alde. Aralarrek datozen egunotan emango du argitara txostenaren edukia, baina, jakina denez, hauteskundeetarako lauko koalizioa izan da eztabaida puntu garrantzitsuena.
Hala, testuan onartutakoak «Aralarren IV. Biltzarrean zabaldutako ildoa burutu» egin duela argudiatu du Zabaletak: «Ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko lanean jarraitzea genuen helburu, eta horretarako pausoak ematen ari gara». Bidean, baina, zenbait aukerarekin eta zalantzekin egin du topo alderdiak: «Lehendabizi Bildu-Aralar eta NaBai-Bildu planteatzen zuen proposamenak aldaketa bat izan du, beste alderdiekiko elkarlanaren ondorioz. Orain aurrera doana lau alderdion artekoa da, Bildun dauden hiruren eta Aralarren artekoa. Hori, guri dagokigunez, gaurko kongresuan onartuta gelditu da».
Estatutu berriak
Txosten politikoaz gain, barne araudiari buruzko txostena ere eztabaidagai izan zuten atzo Derion. Alderdiaren estatutuak berritzeko zenbait zuzenketa onartu zituzten arratsaldeko saioan, eta, ondorioz, zuzendaritzako hirukotea aukeratzeko prozedura aldatuko da: koordinatzaile nagusiak hautatuko ditu koordinatzaileordea eta antolaketa idazkaria, eta ondoren, zuzendaritzak berretsi.
Hala, Patxi Zabaleta alderdiko buru mantentzea ebatzi ostean, zuzendaritzako hamabi kide aukeratu zituzten Aralarreko militanteek atzo: Rebeka Ubera, Txentxo Jimenez, Maite Sarasua, Dani Maeztu, Fernando Hevia, Maritxu Goikoetxea, Aser Lertxundi, Joseba Abaitua, Igor Lopez de Munain, Iosu Murgia, Ainhoa Beola eta Asun Fernandez de Garaialde.
Horien artean aukeratuko ditu Zabaletak zuzendaritzako hirukotea osatuko duten beste biak, eta haietako bat izango da, beraz, Jon Abrilen ordezkoa. Izan ere, Aralarreko koordinatzaileorde ohiaren agurra berretsi zen atzoko kongresuan. Abrilek berak jakinarazi zuen herenegun, Twitter bidez: «Garai berri bat hasiko dut, politikako lehen lerrotik kanpo».
Alternatibak ere, oniritzia
Aralarrek ez ezik, Alternatibak ere behin betiko baiezkoa eman zion atzo lauko koalizioari azaroko bozei begira.Kontseilu Nagusia Donostian bilduta, militantziaren ordezkaritzak eta koordinazio organoek aho batez onetsi zuten aliantza eskaintza. Oskar Matute bozeramaileak adierazi zuenez, «ezkerreko subiranisten blokea sortzearen aldeko apustua» sendotuko du koalizioak, eta, beste hitzetan, bide horretatik etorriko da «egungo eredu sozioekonomikoa aldatzeko behar den indarra».
Bozetako aliantza eskaintza onartu dute Aralarreko militanteen %71k
Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusi hautatu dute berriro afiliatuek, alderdiaren V. Biltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu