gizartea

Bruselak kargu hartu dio Frantziari ijitoen eskubideak ez errespetatzeagatik

"Europako Batzordeak bere eskura dituen neurri guztiak erabiliko ditu zuzenbide arauak errespetatzen ez badira". Parisi gogoratu dio errumaniar eta bulgariar ijitoek eskubidea dutela "nahi duten lekuan bizitzeko" Europako Batasunaren barruan.

2013ko irailaren 25a
16:18
Entzun

Atzo Manuel Valls Frantziako Barne ministroak esandakoari emandako erantzuna da Europako Batzordearena, Vallsek gogor egin baitu ijitoen kontra, beste behin: "Konponbidea, partez, kanporatzea da. Gureez oso bestelako bizimodua dute ijito errumaniarrek eta bulgariarrek".

Europako Batasunaren barruan mugitzeko askatasuna eta ezein estatukidetan bizilekua izatekoa "oinarrizko eskubideak" direla ohartarazi dio Olivier Bailly batzordeko bozeramaileak Parisi, "izan errumaniar, bulgariar, edo frantziar", nahiz eta baliabide ekonomikoak dituztela erakutsi behar duten estaturen batean bizi ahal izateko, iritsi eta hiru hilabetera.

Errumania eta Bulgaria ez dira Schengen eremuko parte, baina hori ez da eragozpen EBn libre ibiltzeko, nahiz eta kontrolak igaro behar dituzten, Erresuma Batuko herritarrei gertatzen zaien bezalaxe. 

Amnesty Internationalen salaketa

Kanpalekuetatik gogoz kontra ateratzen "errekorra" du Frantziak, AI Amnesty Internationalek salatu duenez: "10.000 ijito baino gehiago" bota ditu 2013ko lehen seihilekoan. Kasu gehienetan ez dute beste toki batera joaterik izan eta ez die aurretik abixua eman.

200.000 ijito inguru bizi dira Frantzian, gehientsuenak errumaniarrak eta bulgariarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.