politika

Bruselako Adierazpenak atxikimenduak jasotzen segitzen du

Euskal Herriko kulturako, unibertsitateko, kiroleko eta gizarte mugimenduetako 52 lagunen sostengua aurkeztu du Lokarrik. Herritar sarearen ustez, "ezker abertzaleak modu eraginkorrean eta zuzenean itxi dio atea indarkeriari". Nazioarteko hogei lagun ezagunek ETAri su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko eskatua diote, eta Espainiako Gobernuari behar bezala erantzuteko.

2010eko apirilaren 27a
19:14
Entzun
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak Bruselako Adierazpena gizartean zabaltzeko eta sustatzeko kanpainarekin segitzen du, eta gaur agiri hura bere egin duten Euskal Herriko kulturako, unibertsitateko, kiroleko eta gizarte mugimenduetako 52 lagunen atxikimendua aurkeztu du. "Bakea lortzeko zabaldu den aukera zehaztea nahi dutelako eman dute sostengua, eta ez dutelako nahi aukera berri batek porrot egiterik", esan du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak gaur, hedabideen aurrean.

Besteak beste, Nestor Basterretxea eskulturgilea, Antxon Lafont enpresaria, Javier Sadaba filosofoa, Unai Elorriaga eta Toti Martinez de Lezea idazleak, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia, Jesus Mari Lazkano margolaria, JoxAnton Artze poeta, Kepa Gordejuela EHko parlamentari izandakoa, Roldan Jimeno historialaria, Maixux Rekalde Elkarriko zuzendaritzakide ohia, Ramon Zallo, Perico Ibarra, Franciso Letamendia, Jose Manuel Castells, Txema Ramirez de la Piscina eta Mikel Zurbano Irizar unibertsitate irakasleak, Garbiñe Biurrun epailea, Pello Zabala fraidea, Marta Mendia atleta, Xabier Kintana euskaltzaina, eta Mariano Ferrer, Mirentxu Purroy eta Imanol Murua Uria kazetaria daude sinatzaileen artean.

Nazioarteko gatazketan aditu diren hogei lagunek aurkeztu zuten Bruselako Adierazpena. ETAri "su-eten iraunkorra eta egiaztagarria" emateko eskatu diote, eta Espainiako Gobernuari "behar bezala" erantzuteko. Halaber, ezker abertzalearen apustu berria goretsi zuten, "bide politiko eta demokratikoen alde" egiten duelako.

Ezker abertzaleak larunbatean Iruñean egindako adierazpena "oso pauso garrantzitsua" dela deritzo Lokarrik "indarkeriaren amaieran, elkarrizketan, akordioan, inklusioan eta herritarren borondatearekiko errespetuan oinarrituriko konponbidera jotzeko". Izan ere, herritar sarearen iritziz, "emaitzak soilik bide politikoak edo demokratikoak, elkarrizketaren eta akordioaren bidez, erabiliz

lortuko dituen estrategia bat bultzatzeko bere borondatea erakusten du. Era berean, azken bake prozesuaren blokeoaren ondoren ETAren itzulerak blokeo handiagoko egoera batera eta kolapso eskenatoki batera bideratu zuela aitortzen du. Modu eraginkorrean eta zuzenean itxi dio atea indarkeriari".

Ezker abertzaleak ETAri eta Espainiako Gobernuari Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu zien Iruñeko agerraldian.

Lokarrik dio kontuan hartu behar direla ezker abertzaleak azken hilabeteetan emandako pausoak. "Ezker abertzalea are argiagoa izan daiteke bere jarreretan. Zehatzagoa izan datiteke eta aurrerapausoak eman ditzake behin betiko bake prozesu atzeraezin bat garatzen laguntzeko, su-eten bat eskatuz edo indarkeria gaitzetsiz. Baina arduragabekeria da aurrerapauso garrantzitsuak eta berritzaileak eman ez dituela dioen tesiari eustea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.