Talde politikoen erantzunak. Egoera ekonomikoa eta estatus politikoa lotuta daudela ohartarazi dio Mintegik Urkulluri

Euskararen erabilerari dagokionean, Joseba Egibarrek (EAJ) euskara hutsean egin du hitzaldi osoa. Laura Mintegik (EH Bildu) apenas egin duen gaztelaniaz (bi minutu; hitzaldi osoaren %94); Arantza Quirogak (PP) bost minutuz (%16) erabili du euskara, eta gutxiago Patxi Lopezek (PSE): hasieran eta amaieran egin du, hiru minutu guztira (%10).

jon olano
2013ko irailaren 19a
17:38
Entzun

EAJ

Iñigo Urkulluren alderdiko izanda, gainerako alderdiei erantzuteko baliatu du bere txanda Joseba Egibarrek. Gogor egin dio ezker abertzaleari. Batetik, Laura Mintegi bozeramaileak aldarrikatu duen "euskal bidean" EAJ aspalditik dagoela esan dio, 35 urte hain justu. Jeltzaleak "beti bide politiko eta demokratikoak erabiliz, eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuz" egin dutela bide hori esan ostean, Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko buruari zuzendu zaio: "Zuek jakingo duzue zer egin duzuen azken 35 urteetan". Iraganari begiratu, eta bakoitzak bere ardurak onartu beharra azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.

PSE-EErekin ituna egin berri badute ere, distantzia markatzeko ere baliatu du hitzaldia Egibarrek. Gipuzkoan EH Bildurengana hurbildu bazen, Jaurlaritza urduri jartzeko egin zuela dio. Eta orain Udal eta Foru hauteskundeetara begira egotea aurpegiratu dio. 

EH Bildu

 "Euskal Herri berri bat" eraikitzeko, gizarte kohesionatu bat sortzeko beharra ikusten du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak. "Euskal Bidea" proposatu du, "ideologiagatik edo interesagatik". Estatus politikoa eta krisi ekonomikoa lotuta daudela nabarmendu du Mintegik, galdetuta ea lehiakorrago izango ote den "Espainiago" edo "Euskal Herriago" izaten. Baliabide ekonomikoak lortzeko baliabide politikoak behar direla ohartarazi dio Urkulluri.

Bakegintzaz, gertatutakoaren errelatoa "osoa izango da, edo ez da izango", esan du, eta ohartarazi indarkeriak badirauela. Halaber, koalizioa ez dela bake lantaldetik altxako esan dio Lopezi: "Hitz egin nahi ez denean edozein aitzakiak balio du, hitz egin nahi duenarentzat ez dago geldiaraziko duen trabarik. Hor jarraituko dugu".

[Youtube]http://youtu.be/vk5Ataaek_4[/Youtube]

PSE

Patxi Lopez PSEko legebiltzarkide eta idazkari nagusiak 2013. urtea "galdutzat" jo du krisi ekonomikoari kontra egiteari dagokionean: "Asko kostatu zaizue ulertzea ezin dela bakarrik gobernatu". Astelehenean bi alderdiek egindako ituna goraipatu du, "garrantzia handikoa" dela argudituta: "10. legealdia gaur hasten dela esan genezake".

Mariano Rajoyren murrizketak hartu ditu hizpide Lopezek, esanaz "harro" dagoela ezkerreko politikez. PPko legebiltzarkideen protesta sortu du horrek, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak errieta egin die PPkoei.

Baketzeaz, "Euskadiren egia sinplea" da, esan du Lopezek Dostoievskiri aipamena eginez: "Onar dezatela euren iraganaren ardura, konprometitu daitezela gizarte demokratiko eta libre baten alde lan egiten. Horri deitzen diogu zoru etikoa".

PP

Jaurlaritzak hamar hilabetean bi lege proiektu aurkeztu dituela oroitarazi du Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak; horietako bat, gerora atzera botatako aurrekontu proiektua. "PPk nola edo hala beti lagunduko zaitu krisitik ateratzeko, krisitik irteteak ez baitu prezio politikorik", esan dio Urkulluri. Estatus politikoa aldatzearen kontra, ekonomian EAEk izango lukeen eraginaz ohartarazi dio: "Eragina, boterea, dimentsioak ematen du".

 "Hiru alderdi handien" arteko akordioa eskaini dio Quirogak Urkulluri, EAJ, PSE eta PPri erreferentzia eginez. "Desberdintzen gaituena" baztertu eta "elkarrekin" lan egitea proposatu dio. Bakegintzaz, "ez dago gehiengo politikorik gertatutakoa ezkutatuko duenik", esan du, eta gaineratu PP ez dela inoiz "salatzaile" edo "konplize" izan inor hiltzeko. Quirogaren ustez, indarkeriak ez du jatorria gatazka politiko batean, eta gailendu behar dena "egiaren errelatoa" da, ez alderdi zehatz batena.

UPD

Gorka Maneiroren hitzaldiarekin berrekin diote eztabaidari, 14:30ean. Maneirok gogorarazi du eskatu izan diuela zerga erreforma bat, eta EAJk uko egin diola; orain EAJk eta PSEk ituna eginda, diskurtsoan koherentzia ez izatea egotzi dio Urkulluri. Zerga eskumena Eusko Legebiltzarraren esku uzteko eskatu du, foru aldundien esku utzi beharrean: "Itun horrekin, gauzak dauden bezala utzi nahi dituzue", egotzi dio Maneirok Urkulluri.

Estatus politikoari buruzko proposamenaz xehetasunak emateko eskatu dio Maneirok, eta ohartarazi UPD aurrean izango duela "euskal herritarren arteko bizikidetza apurtu" nahi badu. Subirania Espainiako herritar guztiei dagokiela esan dio. Hala ere, estatus politikoari buruzko eztabaidan parte hartuko duela adierazi du: "Ez gara gehiengo edo gutxiengo isil baten parte izango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.