Bujanda: «Zabalik den bidea erabil dezala gobernuak, ituna betetzeko»

Lizentzia banaketa martxan dela gogorarazi du Euskalerria irratiak; urratsik egiteko asmorik ez du agertu Barcinak

Lizarrako herritarrek 2010ean euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egindako agerraldia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak egindako gomendioak betetzeko aukera «ezin hobea» eskura du Nafarroako Gobernuak, hedabideei dagokienez. Horixe nabarmendu du Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak. Horretarako, gogora ekarri du zabalik dela une honetan Nafarroan hainbat irrati lizentzia banatzeko prozedura. Haietako bat lortzeko asmoz, proiektua aurkeztua du Euskalerria irratiak.

Europako estatu kideek Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen dituzten aztertzeko txostena egin du aditu talde independente batek. Asteon aurkeztu dute. Txosten horrek dio Nafarroako Gobernuak Euskalerria irratiari lizentzia eta diru laguntzak behin eta berriz ukatzeko joera «berrikusi» beharko lukeela, eta hori egiteko aukera eskaintzen dio martxan den lehiaketak, Bujandaren hitzetan.

Nafarroako presidente Yolanda Barcinak, hala ere, ez du bide horretan urratsak egiteko asmorik agertu. Europako Batzordeak kontuak eskatu izanari buruz galdetutakoan, atzo bertan, hainbat aldiz errandako hitzei eutsi die: «Nafarroako Gobernuak beti beteko ditu indarrean diren legeak eta arauak; lehiaketa guztietan gure araudien arabera jokatuko dugu. Noski, gomendio guztiak entzunen ditugu, baina legea bete egin behar da».

Hogeitabosgarren denboraldia du aurtengoa Euskalerria irratiak, eta lizentzia eskuan duela amaitu nahi dute irratiko kideek sasoia, Bujandak azaldu duenez. Gogorarazi du Europako Batzordeak hirugarren aldiz erran duela oraingoan gobernuak baimena eman behar liokeela. Ez da eskaera hori egin duen erakunde bakarra izan, gainera. Nafarroako Parlamentuak, Arartekoak, Iruñeko Udalak, Euskaltzaindiak, bai eta Espainiako Kongresuak ere, mozio baten bitartez, onartu izan dute, azken urteotan, Euskalerria Irratiaren egungo egoera konpondu beharra dagoela, lizentzia bat emanda.

Aste honetan aurkeztu txostenaren harira ere, Euskalerria irratiarentzat lizentzia eskatu dute Euskara Kultur Elkargoak eta Geroa Baik. Euskalerria irratikoen baimenaren eta Nafarroan ETB hedatzeko auziaren harira, Nafarroako hizkuntza politika «aldatzeko» eskatu du Euskara Kultur Elkargoko kide Koldo Martinezek.

Nafarroan ETBren emankizuna bermatzeko gobernuak duen ardura da, hain zuzen ere, adituen txostenak jorratu duen bertze aferetako bat. Kasu horretan ere, ardura duela ukatu egin du Nafarroako Gobernuko buru Yolanda Barcinak: «Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu genuen, eta erakunde horri dagokio ETB Nafarroan hedatzeko behar den dirua ordaintzea. Ez dugu guk ordainduko, are gutxiago egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta». Nafarroako presidenteak, beraz, adituek errandakoaren kontra egin du, Europako Batzordeak argi erran baitu, bere txostenean, Nafarroako Gobernuaren betebeharra dela ETBren emankizuna bermatzea.

Hedabideen ildotik, euskaraz aritzen direnak diruz laguntzeko eskatu diete adituek Nafarroako Gobernuari ere. Eskaera horrekin bat egin du Nafarroako Topaguneko buru Oskar Zapatak. Gogora ekarri du azken urteak eman dituztela gobernuarekin lankidetza hitzarmena eskatzen, dagozkien diru laguntzak jaso eta aurrera egin ahal izateko: «Herritarrek euskaraz irakurtzeko eskubidea badute, eta guk zerbitzu hori eskaintzen dugu».

Europako Batzordeak orain egin dituen gomendioak lehendik ere mahai gainean zirela erantsi du Topaguneko kideak. «Ez dakit azken txostenak zerbaiterako balioko duen, baina argi dut lankidetzarako foroak zabaldu behar direla, betiere emaitzak lortzeko. Hau da, gu lankidetzarako prest gaude, baina diru baliabideak zehazte aldera, aurrera egin eta gure proiektuak garatzen jarraitu ahal izateko».

Konpromisoak ez dira bete

Adituen txostenaren harira, Hego Euskal Herriko hizkuntza politikak kritikatu dituzte Kontseiluak eta Behatokiak ere. Oro har, salatu dute Hizkuntza Gutxituen Itunak jasotako konpromisoak betetzetik «urrun» dela Espainia, itun hori sinatu eta berretsi arren. «Itunak betetzeko berresten dira, eta ezin da onartu estatuari egin zaizkion hiru ebaluazioetan antzeko gomendioak agertzea. Horrek aski garbi erakusten du ez direla benetako konpromisoak hartzen ituna betetzeko, ezta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko ere», erran du Garbine Petriati Behatokiko zuzendariak.

Hedabideen esparruan txostenak jasotako kezkekin bat egin dute Behatokiak eta Kontseiluak, eta bertzelako alorretan aipatutakoei ere so egin diete, bertzeak bertze, osasun eta justizia arloei. «2001etik, osasun arloan aurrerapauso txikiena ere ez da eman», salatu dute Behatokiko eta Kontseiluko buruek. Osasun arloko hutsuneak nabarmendu dituzte. Osatuko den Jaurlaritza berriari, berriz, hizkuntza politika «iraultzeko» eskatu diote, euskaldunen eskubideak bermatzeko.

Justizia eta osasun arloetan «lanean jarraitzeko eta egoera aldatzen joateko» konpromisoa hartu du, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik adierazi duenez. Europako Batzordearen txostena, «ontzat» eman du Jaurlaritzari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.