Garbiketarako eta kalteak zenbatzeko garaia da. Informazioa emateko bulegoak jartzea erabaki dute erakundeek. Gaur-biharretan martxan izatea espero dute. Bi bulego klase izango dira: nagusia Donostian dago martxan, eta kalteak izan dituzten herrietan izango dira txikiagoak. Egin behar dituzten urratsei buruzko berri emango diete herritarrei, paperekin zer egin behar duten azaldu. Norbere aseguruetara jotzeko deia helarazi dute erakundeek.
Bilera egin zuten atzo arratsaldean Donostian. Hiru alde mahaian: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta uholdeen eragina jasan duten herrietako udalak. Dozenaka alkate batu ziren, herri kozkorretakoak eta txikiagoetakoak; Tolosaldekoak ziren asko. Aurrez, goizean, urak hartutako lekuak hondamendi eremu izendatzeko aukera mahai gainean jarri zuten, besteak beste, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak; ordea, egungo legeari jarraiki, lehenik aseguru etxeetara jotzea erabaki dute.
Hiru urrats izango dira egitekoak: argazkiak eta horrelako frogak hartuta asegurura jotzea, gero aseguruen kontsortziora, eta, haiekin ase ezinik izanez gero, Espainiako Gobernuari egitea eskaria, horrelako larrialdi kasuetarako laguntza emateko. Horretarako informazioa eta esku orriak prest izango dira gaur.
Udal bakoitzak kalteen zerrenda bat egiteko gomendatu du Eusko Jaurlaritzak. «Hori esku artean dugunean hasi ahalko dugu erakundeok elkarlanean», esan du Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak.
Nolanahi ere, uneotan egiteko garrantzitsuena herritarrei laguntzea dela nabarmendu du sailburuak: «Oinarrizko beharrak asetzea da lehentasuna: argindarra jartzea eta non lo egin ez daukatenei laguntza ematea». Horretarako koordinazioa behar dela adierazi du Ibai Iriartek, Tolosako alkateak. Bileran zen atzo, beste hainbat alkaterekin batera. «Azaldu digute zer egin, eta orain laguntzen hasi behar dugu. Herritarrek jakin behar dute ondoan gaudela eta lagunduko diegula». Bulegoa gaur martxan jartzea espero du. «Horretarako pertsona bat jarri dugu jada, eta enpresaburuekin bilera daukagu gaur».
Egindako lanarekin, baikor
Atzera begirakoa eginda, larrialdi zerbitzuek egoki funtzionatu dutela esatean bat etorri dira erakundeak. Ares: «Profesionaltasunez eta eraginkortasunez jardun dute. Haien lanari esker ez da izan kalte handiagorik eta lortu dute kaltea jasan duten pertsonei ahalik eta azkarren kasu egitea». Hori berretsi du Martin Garitanok ere, Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Ondo funtzionatu dute. Suhiltzaileen lana eskertu behar dugu. Inoiz ez da nahikoa halakoetan, eta ulertzen dugu auzotarren haserrea. Gure zerbitzuek lan eskerga egin dute». Ez da gutxiagorako: SOS Deietan 12.964 dei izan dira asteburuan, besteetako bikoitza.
Bulegoak zabalduko dituzte udalek, herritarrei paperekin laguntzeko
Frogak eskuan aseguru etxeetara jotzeko eskatu dute erakundeek; bilera egin dute, eta kaltetuei laguntza ematea erabaki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu