IKURRINA

Burlatako udaletxean ikurrina jarri izanaren kontra ebatzi du Iruñeko epaitegi batek

Nafarroako Parlamentuak iaz Ikurren Legea indargabetu bazuen ere, legez kanpokotzat jo du udalean ikurrina jartzea. Epaitegiak arrazoia eman dio Espainiako Gobernuari.

Burlatako udaletxea, iazko abuztuan, ikurriña jarrita duela. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 14a
20:15
Entzun

Iruñeko administrazioarekiko auzien lehen epaitegiaren esanetan, legez kontrakoa izan zen iazko abuztuaren 14an, Burlatako jaietan, herriko udaletxean ikurrina jartzeko erabakia.

Nafarroako Parlamentuak Ikurren Legea indargabetu zuen arren, legediak ez du baimentzen Nafarroako eraikin publikoetan ikurrina jartzeko aukera, epaitegiaren esanetan. "Ikurren Foru Legearen indargabetzeak, salatutako aldearen argudioek diotenaren kontra, auziaren interpretazio juridikoa ireki ordez, erabat ixten du".

Epaitegiak defendatu du Ikurren Legeak ikurrinaren erabilera ahalbidetzen zuela ezohiko zenbait kasutan; Nafarroako ikur ofizialez gain, beste herrialde, erkidego edota tokiko ikurren erabilera baimentzen baitzuen kortesiazko keinu gisa, bisita ofizialetan, bisitak iraun artean.

Legea indargabetuta, ordea, ikurrina eraikin publikoetan jartzeko aukerarik ez dagoela ondorioztatu du epaitegiak, "ez ohiko kasuetan, ezta apartekoetan ere"; haren esanetan, "udal batek ezin baitu egin debekatuta ez dagoen guztia".

Epaiak zehazten du, Espainiako banderaren erabilera ezartzen duen 1981eko legearen arabera, administrazioetan Espainiako bandera, erkidegokoa eta tokikoa erabili behar direla, eta legedian ez dagoela bestelako banderarik erabiltzeko baimena ematen duen araurik, zazpigarren artikuluak jasotzen duena izan ezik. Epaitegiak nabarmendu du artikulu horretan bestelako banderen erabilera aurreikusten dela "berariazko arautzearen bidez".

Nafarroaren kasuan, ikurrinaren erabilerari bide ematen dion araudirik ez dagoela ziurtatu du epaiak.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Burlatako eta Tafallako udalak salatu zituen iazko abuztuan, herriotako festen hasieran udaletxeko balkoian ikurrina jartzeagatik. Uda horretan, beste bederatzi udal salatu zituen arrazoi berarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.