Aldaketa klimatikoak etorkizunean ekarriko duenaren inguruko hainbat jokaleku irudikatu ditu Espainian aurkeztu berri den txosten batek. Azkenaldian komunikabideetan dena aldaketa klimatikoaren ondorio den irudipena zabaldu denean, burtsan ez dago inolako aldaketarik. Hori bai, akzioen tenperatura handia da, oso handia. Ibex-35ak goi-goian jarraitzen du, eta atzo 14.800 puntuko langa gainditu zuen berriro. Datu makroekonomikoek azaldu dezakete igoera, baina batez ere errebote hutsa izan liteke. Benetan errebotea jo zuena Iberia izan, herenegun galera handiak izan ostean, atzo berreskuratu egin zituelako (+%3,17). Ondoren Metrovacesa higiezinen enpresak jarraitu zion (+%2,78) Santanderrek (+%0,97) akzioen %0,8 erosi ostean. Honek ukatu egin du atzean mugimendu handiagorik dagoenik. Galeren artean, Cintra lehiakidea aipatu behar (-%1,24). Egunean, 4.462 milioi euro salerosi ziren.
Sogecable. Cuatro Espainiako telebistaren publizitatearen pasteletik zati bat jateko asmoarekin jaio zen, baina oraingoz zenbakiak gorritu baino ez dizkio egin Sogecable anai handiari (+%0,39. Galerak nekez ikusi ohi dira burtsan, baina iaz 38 milioi euro galdu zituen Polancoren telebistak.
Jazztel. Espekulazio piraten enpresarik gogokoena beste behin zurrumurruen zurrunbiloan erori da. Ustezko interesa duten enpresak omen daudela eta, akzioek %10 irabazi dute. Diru gehien mugitu duena Gaesco Bolsa izan da, piraten artean piratena.
BURTSA. Aldaketa klimatikoaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu