Borondatez eta modu publiko argi eta garbian botatako erronken lekuko izan da Cantabrico taberna. Harro hadi, Cantabrico taberna. Orain urduritasunak orain euforiak jota dabil, aldiz, akzio azoka. Txerritxo ehiztarien betiko loa kantatzetik, tiroka hastera pasatzen gara, Bear Stearnsena larria bai baina koma egoera ez omen delako. AEBetako konfiantza indizea azken bost urteotako minimoan; etxebizitzen prezioa urtean %11 jaisten baina, guri zer? Geroari esan beharko makroekonomiaren olatuetan Ibex-35eko txerritxo zaharrak ez direla itzaltzen, Sabadell, Bolsas y Mercados nahiz Inditex %6na igo baitziren. Colonial %14 igotzea edo Sacyr %9 igotzea gauza bat da, baina bi erraldoiak, Edurnezuri eta Santander %4,2na igotzea, azpimarragarria, oso. Wall Street lagun, urteko bigarren igoera handiena. Eta erronkaz erronka gabiltzala, Iberdrolak (+%3,24) ukatu egin du EDFsar dadin itun bat egin duenik. To eta no.
Lar higiezinen taldeak 14 sustapen martxan ditu Katalunia eta Espainiako mediterraneo aldean. Giltzak jaso aurretik etxebizitzaren %10 baino gehiago aurreratzen dioten erosleei %6ko interesarekin ordainduko die higiezinen enpresak diru hori. Hamaika ikusteko.
Kalitate handieneko zorra baino ez da egunotan erraz salerosten. Zor jaulkipenak aspaldiko baxuenean dabiltza, Junk Bond edo kalitate baxuenekotan: 9.000 milioi dolarrekoak izan dira aurten, 11 enpresen eskutik. Iaz, epe berean, 40.000 ziren, 83 enpresenak.
BURTSA. Harro hadi Cantabrico
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu