Araba, Bizkai eta Gipuzkoara Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritako herritarrek, euren egoera arautu bitartean, buru osasunarekin zerikusia duten arazo ugari izan ohi dituzte. Hala ondorioztatu du Medicus Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeak EAEn bizi diren etorkinen osasun egoera aztertzeko eginiko azterketan: Osasuna eta Europako Batasunaz kanpoko etorkinak EAEn. Aztertu beharreko etorkinen lagina kalkulatzeko, Espainiako Estatistika Institutuak 2003an kaleratutako datua hartu dute oinarri. Datu horren arabera, 2003an EBtik kanpoko 30.060 pertsona bizi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kalean topatutako 618 lagun elkarrizketatu dituzte. Inkestaz gainera, bost eztabaida talde egin dituzte: lau etorkinen artean eta bestea EAEko osasun sistema publikoan lan egiten duten medikuen artean.
Azterketa egiteko elkarrizketatu dituzten etorkinek, orokorrean, osasun sistema publikoaz iritzi ona dute. Finean, guztiek onartzen dute euren herrialdeetan baino zerbitzu hobea eskaintzen dela. Etorkin askok eta askok, euren egoera arautu bitartean batez ere, buru osasunarekin zerikusia duten arazoak izan ohi dituzte. Hego Amerikako emakumeek antsietate eta estres egoeraren bat izan dute. Arazo horiek etxekoek haiengan jarritako itxaropenak dakarren zamak eragindakoak izan ohi dira, izan ere, «euren ardura behar bezala ez beteta» gaixotasun depresiboak izan ohi dituzte sarritan. Magrebeko gizonek ere antsietate arazoak izaten dituzte, urruti dituzten senideen ardurak eraginda. Ekialdeko herrialdeetatik datozen emakumeen artean ere osasun egoera horiek atzematen dira, lanaldiaren intentsitatearen, esfortzu fisiko handia eskatzen duten enpleguen eta familiaren laguntza faltaren ondorioz. Azterketaren arabera, estres egoera horiek gutxitzen doaz, egokitze prozesua gaindituta. Inkestetatik ateratako datuaren arabera, azken hilabeteetan %49k osasun zerbitzuren bat erabili dute. Horietatik %32k behin, birritan edo gehiagotan erabili dute zerbitzua. Sarrien egin diren kontsulten arrazoiak honakoak izan dira: bizkarreko minez %19 joan dira, mediku azterketa orokorra egitera % 19, hotzeria harrapatuta %18 eta gripearekin % 16. Elkarrizketatuen %20 ez ziren medikuarengana joan.
Informazio gutxi
Etorkinen %65k dute osasun txartela eta %50k osasun zerbitzuak nola erabili behar diren lagunen edo senideen bitartez jakin dute. Administrazioan %25k baino ez dute jaso informazioa. Hain zuzen, atzerritik etorritako gizon eta emakume horien ustez, informazio gutxi jaso dute osasun sistemaren inguruan. Zailtasunak izan dituztela diote, batez ere, prozesu burokratikoak eta hizkuntzak eraginda. Medicus Mundiren esanetan, osasunarekin zerikusia duen edozein informazio mota etorkinengana iritsi ahal izateko, komunikazio bide berriak behar dira. «Etorkinek ez dute ohiturarik tokian tokiko komunikabideak irakurtzeko, eta hizkuntzarekin dituzten zailtasunak ez die aukerarik ematen kanpaina prebentiboetan zabaltzen den informazioa eskuratzea». Emakume eta gizonek emakumeen sexu osasunari eta ernalketari buruzko informazio beharra dagoela uste dute. Horrez gainera, Sahara hegoaldeko Afrikako gizonek gaixotasun tropikalak tratatzeko espezializazioa eskatzen dute.
Osasuneko profesionalek ere egoera berrira egokitu behar izan dute. Egoera ez dela erraza diote eta komunikazio falta egoten dela kontsultetan. Esate baterako, medikuekin eginiko eztabaida taldean esaten zutenez, etorkinen jatorriaren arabera ezberdintasun nabariak izaten dira. Hego Amerikako emakumeak sarriagotan joaten dira medikuarengana; Afrikako emakumeak ez hainbeste. Gainera, arabiar jatorriko emakumeen kultura ezagutzen ez dutenez, ez dakite noraino aztertu dezaketen euren gorputza. Bestalde, euren esanetan, immigrazioak izan duen gorakadaren ondorioz, hemen ia desagerturik zeuden gaixotasunak berriro ari dira agertzen.
IMMIGRAZIOA
Buru osasunean arazoak dituzte maiz etorkinek iritsi berritan
Medicus Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeak EAEra EBtik kanpo etorritako herritarren osasun egoera aztertu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu