«Estatu libre bat eraikitzea Europan, krisiari justizia sozialaren bidez aurre egiteko». Horixe da Euskal Herria Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztu dituen proposamenen helburua eta bidea. Atzo aurkeztu zuen koalizioak programa, 184 orrialdetan bildua, Donostian eginiko ekitaldi batean —EH Bilduren Interneteko atarian ikus daiteke txostena osorik—. Laura Mintegi lehendakarigaiak nabarmendu zuenez, auzolanean osatu dituzte arlo bakoitzeko proposamenak, hain zuzen, horixe baita bultzatu nahi dutena: «Elkarlanaren eta akordioaren kultura eskaini nahi dugu, gizartearen zerbitzura jartzeko».
Hamaika arlo biltzen ditu programak; gobernurako proposatutako lantaldeko kideak adina. Ekitaldi hasieran, Mintegik programa osatzen lagundu duten guztiak eskertu nahi izan zituen. «Ilusio handiko talde sendo, askotariko eta prestatu bat dago honen atzean», esan du. Gobernu taldeko kideekin batera, ekitaldian izan ziren lan horretan jardun duten lagunetako batzuk, baita legebiltzarrerako hautagai zenbait ere.
Hiru ardatz nagusitan labur litezke EH Bilduren proposamenak: krisiari aurre egiteko neurriak, bakegintza eta burujabetza. Hala, egungo gizarte «neoliberal eta elkartasunik gabeari180 graduko bira» eman nahi diotela adierazi du Mintegik, «gizarte justu eta libreago bat» osatzeko.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak asko izan arren, horietako batzuk aipatu ditu koalizioko lehendakarigaiak: zerga politika progresiboa, langabeziari aurre egiteko lanorduak murriztea, kontsumo arduratsua eta oinarrizko beharrak bermatzea, besteak beste. Bakegintzan, berriz, hauek dira azaldutako asmoetako batzuk: giza eskubideen urraketen biktima guztiak kontuan hartu eta elkarguneak sortzea; konponbideranzko justizia trantsizional bat lortzea; eta Ertzaintza «zerbitzuzko Polizia» bihurtzea, eredu errepresibo bat izateari utzita. Azkenik, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu du Mintegik, «eredu propioa eraiki eta krisialdiari aurre egiteko tresna guztiak eskura izateko».
Herritarrak galdezka, ETB2n
ETB2ko Euskadi pregunta saioan izan zen Mintegi joan den ostiralean, hainbat herritarrek zuzenean eginiko galderak erantzuten. Batez beste, ikus-entzule guztien %12,5ek ikusi zuten saioa(101.000 ikus-entzule), eta, denera, 286.000 lagunek ikusi zuten. Antonio Basagoiti (PP), Patxi Lopez (PSE-EE) eta Iñigo Urkullu (EAJ) hautagaiak izango dira hurrengo gonbidatuak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Burujabetza aldarrikatu du EH Bilduk, krisia «justizia sozialaz» gainditzeko
«Auzolanean» eginiko hauteskunde programa aurkeztu du koalizioak; krisia, bakegintza eta burujabetza ditu ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu