POLITIKA

Burujabetza eta askatasuna aldarrikatu ditu Sortuk bere lehen kongresuan

Arnaldo Otegiren izenean gutun bat irakurri dute Sorturen lehen kongresuan, Iruñean. Denera 6000 lagunetik gora hartu dute parte prozesu osoko eztabaidetan. Kontseilu Nazionaleko kideak izendatu dituzte; hots, alderdiko arduradunak. Hasier Arraiz Sortuko lehendakari aukeratu dute. "Sortu sortu dugu bai, baina gaurtik aurrera ere Sortu sortzen jarraitu beharko dugu", esan du. Arratsaldean ekitaldi politikoa antolatu dute Anaitasunan.

Berria.info
2013ko otsailaren 23a
19:03
Entzun

Amaitu da Sortu-ren kongresua. Behin ponentziak onartuta, nazioarteko ebazpena eta Sorturen eratze kongresuaren ebazpena gehiengo handiz onartu da. 400 batzarkidetatik 396k bozkatu dute, adibidez, eratze kongresuaren ebazpena. Sorturen Eratze Kongresu Nazionaleko kideak ere izendatu dituzte. Hasier Arraiz izango da presidente eta idazkari nagusi kargua hutsik egongo da Arnaldo Otegi kartzelatik atera arte.

Beste kargu batzuk honako hauek dira: Eledun kargua Pernando Barrena, Amaia Izko eta Xabi Larraldek izango dute; Gatazken Konponbidearen arloko arduradun Rufi Etxebarria izango da; Borroka Instituzionalarena Joseba Permach; Masa Borrokakoa Marije Fullaondo; Komunikazioa Juanjo Petrikorena; Diruzaintzakoa Marisa Alejandro; Barne Antolakuntza Idoia Aiastui; Nazioarteko Harremanetako arduradun, berriz, Maite Ubiria izango da. Lurraldetako ordezkariak: Gipuzkoakoa Joxan Agirre, Arabakoa Txus Martinez; Bizkaikoa Maribi Ugarteburu; Nafarroakoa Juan Kruz Aldasoro eta Ipar Euskal Herrikoa Jean François Lefort.

Amaitzeko, Hasier Arraizek hartu du hitza. Lehen hitzak euskal presoen senideei zuzendu die. “Zuei gure adore eta maitasuna. Mezu hau ematea nahi dugu. Beraiekin gaude, orain eta beti, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu beraiek gurekin lehenbailehen egon daitezen”. Eskerrak eman dizkie, bai nazioartetik etorri diren eragile guztiei, bai Euskal Herritik etorri diren alderdi eta gainerako erakundeei. “Sorturentzat zuen aitortza garrantzitsua da eta espero dugu etorkizunean gerta daitezkeen elkarlanen oinarri izatea”.

Sortuk biltzar eratzaile honekin lehen urratsak eman ditu, baina Arraizek onartu du sortukideak ez direla berriak. “Borrokak, askapen prozesuak, honaino ekarri gaitu. Guk guztiok Sortu askapen prozesua bururaino eramateko tresna bihurtu behar dugu”. Ibilbide horretan “gorabeherak eta kontraesanak” ez direla faltako ohartarazi du, “askatasunerainoko bidea ez baita ez zuzena ez lineala”.

Erronkez beteriko etorkizunaz hitz egin du, eta lehenik eta behin, iragana “behin betiko atzean uzteko” gatazka politikoari konponbide integral bat ematea ezinbestekotzat jo du. “Ez da erraza izango, bakezale asko omen dago Madrilgo eta Parisko gobernuetan, baina eragile politiko nagusien artean bakegile gutxi topatzen ari gara. Hitz polit asko, baina ekintza gutxi”, gaitzetsi du. Asier Harraizek nabarmendu du Euskal Herrian elkarrizketa gune berriak zabalduz aurrera egingo dela, “lehenbailehen behar eta merezi baitu Euskal Herriak bake eta askatasun orainaldia”.

"Burujabetza itsasoa"

Autonomien eredua agortua dagoela aipatu du, eta abertzaleen lehia nagusia independentziaren aldekoen eta autonomia hobetu daitekeenaren arteko indarren artekoa dela aipatu du. Metafora gisa, autonomia igerileku batekin parekatu du eta independentzia itsaso zabalarekin. “Burujabetza itsasoa behar dugunean, igerileku baten inguruan bueltaka ibiltzea denbora galtzea besterik ez da”. Independentziaren bidea “zailagoa” dela onartu arren, Sortu “Euskal Herriaren lema eskifaia politiko eta sindikal guztiarekin partekatzeko” prest azaldu da, baldin eta ados diren guztiekin norabidea  zehazten bada. Hori du erronka nagusia Sortuk.

Era berean, kapitalismoaren krisiaren aurrean, egungo egoerak “eredu politiko eta sozialaren aldaketa erradikala” behar duela nabarmendu du. “Mundu osoan ez dago sistema iraultzaile hau atseginago egiteko apaindura nahikorik”, esan du. “Sozialdemokraziak porrot egin du”, gaineratu du, eta horren aurrean “behetik gora alternatiba berriak” eraikitzeko beharra azpimarratu du. Arraizek nabarmendu du “Euskal Estatu Sozialista bat lortzeko bidean” ekonomia demokratizatu beharra dagoela, ekonomia herritarren beharren eta eskubideen mesedetan jartzeko.

Arraizen arabera, politika ez da instituzioetara mugatu behar, kalearekiko entzungor lau hormen artean bahituta geratzeko arriskua delako, politikagintza “antzezpen huts” bihurtuz. “Herri mugimenduaren eta instituzioen arteko dialektikatik zapalkuntza gaindituko duen herri boterea eratu behar dugu”. Hemendik aurrera “antolakuntza eta borroka beste biderik ez dagoela gaineratu du. “Zuek zarete gure ondare politiko nagusia”. Mezu hori zuzendu die batzarkideei.

Biltzarrean izan dira besteak beste Alternatibako Oskar Matute; Aralarko Patxi Zabaleta eta Asun Fernandez Garaialde; Eako Maiorga Ramirez; Abertzaleen Batasuneko Mertxe Colina; Geroa Baiko Uxue Barkos; EAJko Manu Aierdi; Nafarroako Ezker Batuko Jose Miguel Nuin; ELAko Mitxel Lakuntza… Nazioarteko ordezkaritzatik, Greziako Syriza, Alemaniako Die Linke, Irlandako Sinn Fein, Hegoafrikako ANC African National Congress alderdietako ordezkaritzak izan dira, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.