«Burujabetzaren arrazoi nagusiak» bilduko dituzte liburu batean

Independentistak sareak Bagoaz ekinaldia jarri du martxan, arrazoi horiek auzolanean idazteko

Erredakzioa
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Independentziarako arrazoi nagusiak bildu, idatzi eta publikatu, eta dena auzolanean egin. Helburu nagusia «independentziaren aldeko hegemonia eraikitzeko bidean urrats gehiago egitea». Bagoaz izena eman dio Independentistak sareak xede hori bilatzen duen egitasmoari.

«Bagoaz ez da hasiera eta bukaera itxirik dauzkan egitasmo bat, luze aritzeko gonbita baizik, era berriak bilatu eta garatuko dituen lan jarduera baita», diote independentistek. Pausoka joango da, eta lehena «independentziaren arrazoi nagusiak bilduko dituen liburuxka labur, argi eta baliagarria» argitaratzea da, datorren abenduko Durangoko Azokarako.

Liburua auzolanean idatzi nahi dute, nahi dutenen ekarpenak bildu eta «sintesirik onena idatziz». Ekarpenak banakoenak edo taldekakoak izan daitezkeela esan dute ekimenaren bultzatzaileek. Independentistak, dena den, harremanetan jarri dira «jendarteko ehunka lagun erreferentzialekin», haiek ere ekarpenak egin ditzaten.

Horrekin batera, eztabaida taldeak ere osatzeko asmoa dute, eta gutxienez Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzte bilkura irekiak, eskariak izanez gero beste leku batzuetan ere foroak irekitzeko asmoa baduten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.