Gaur hilabete hil zen Iñigo Cabacas Lizeranzu Athleticen zalea, lau egun lehenago Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo eta gero. Gertaerak herritarrengan sortu zuen haserrearen ondoren, ikerketa sakona agindu zuen Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, behin eta berriz. Sailburu den heinean, erantzukizuna bere gain hartu zuen. Hilabete igaro den honetan, ordea, gertaerak argitu gabe jarraitzen du; erantzukizunak, kitatu gabe. Horixe aurpegiratu diote EAk, Alternatibak, ezker abertzaleak eta Aralarrek Aresi. Dimisioa emateko eskatu diote, hargatik, berriz ere. Dimisioa eman dezala, edo, bestela, kargutik ken dezatela exijitu dute.
Cabacasen heriotza ekarri zuen gertaera larria dela uste dute lau alderdiek. Eta ez dela samurragoa auziak ondoren hartu duen bidea. Alternatibako Ana Etxartek eta EAko Ibon Cabok ezker abertzaleko Joana Regueirorekin eta Aralarreko Ander Bustorekin egindako agerraldian salatu dute «deitoragarria» dela Aresen jarrera.
Izan ere, apirilaren 5ean Ertzaintza Athleticen zaleen aurka oso bortitz aritu zela salatu zuten lekuko askok, eta ez zegoela hartarako inolako arrazoirik. Gizartean zabaldu zen eztabaida zela eta, Ertzaintzaren ereduari buruzko hausnarketa abiatuko zuela adierazi zuen Aresek. «Adierazpen horiek hitz soiletan geratu dira», salatu dute Etxartek eta Cabok; «argi geratu da Iñigoren heriotzaren harira sortutako ezinegon sozialari begira baino ez zituela egin».
Lau alderdien ustez, horixe frogatu zuen gerora ere Aresek, Ertzaintzak Gasteizen larri zauritu zuen Xuban Nafarrateri gertatuari buruz azalpenak emateko egindako agerraldian: «Aurretik gainditutzat jo zuen polizia eredu baten apologia besterik ez zuen egin».
EAren, Aralarren, Alternatibaren eta ezker abertzalearen ustez, Ares, «bere aginduetara dauden polizien jokabidea justifikatzen» besterik ez zen saiatu Nafarrateren zein Cabacasen kasuetan, lekuko askoren testigantzek Aresen argudioak baliogabetu bazituzten ere.
Alderdiek ohartarazi dutenez, asko izan dira «gehiegikeria nagusi izan duten jokabideen lekuko», eta milaka, ondorioen berri izan dutenak. Gainera, gogorarazi dute Europako Batasunak ohartarazia zuela Cabacasen heriotza eragin zuen haren moduko gomazko pilotak erabiltzearen arriskuez.
Ertzaintza ereduari buruz
Aresek, ordea, «konponbideak eskaini beharrean», egungo polizia ereduan sakondu duela iruditzen zaie ordezkari politikoei. Horixe egin duela, esaterako, Ertzaintzaren Talde Mugikorra indartzeko asmoa plazaratzean; «protesta soziala delitu bilakatzea eta zapaltzea nahi du».
«Erantzukizunak estali, eta euskal gizartean egiteke dagoen eztabaida saihestu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak», ondorioztatu dute. Baina esan dute premiazkoa dela «etorkizunera begira behar den polizia ereduaren inguruko eztabaida». Adierazi dutenez, aurrera begira ezarri behar den poliziaren zeregin nagusia izanbeharko du «herritarren segurtasuna bermatzea»; eta «era guztietako indarkeria eta zapalkuntza alboratu» beharko ditu.
Polizia ereduari buruzko «eztabaida sozial eta politikoa» abiatzeko eskatu dute, hortaz, «beharrezkoa delako Euskal Herrian egun dagoen garai berriari egokitutako eta polizia zapaltzailearen egungo eredua gaindituko duen Ertzaintza bat».
Senideek deitutako martxa
Bestalde, gaur, Cabacas hil zeneko hilabetea betetzen dela eta, martxa isila antolatu dute gaztearen senide eta lagunek. Athleticek Atletico Madrilen aurka Europako Ligako kopa jokatuko duen partidaren aurretik egingo dute protesta. 18:30ean abiatuko da Bilbon, Moyua plazatik, eta udaletxe aurrean amaituko da.Justizia eskatzeko martxan parte hartzeko eskatu diete herritarrei senide eta lagunek.
Cabacas hil zenetik hilabete igarota, gertaera ez dela argitu salatu dute
Aresi dimititzeko esan diote EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak, eta polizia ereduari buruzko eztabaida exijitu duteCabacasen senide eta lagunek martxa isila antolatu dute gaurko, justizia eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu