Cabacasi eta Zabaletari omenaldi bateratua egin nahi diete derbi egunean

Cabacasen lagunak Athleticen erantzunaren zain daude.Apirilaren 11n ekitaldi bat egingo dute futbolzalea pilotakadaz zauritu zuten lekuan

Iñigo Gogoan taldeko kideak eta Cabacasen lagunak, atzo, ekitaldien berri emateko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Aurki beteko dira hiru urte Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Athletic-en zalea buruan jo eta hil zuela. «Erreta» daudela diote lagunek. Gaztea hil zutenetik hiru urte bete diren arren egia eta justizia eskatzeko borrokan jarraitu beharrak nekatuta dauzkala. «Egoera hau amaitu egin behar da». Hala ere, ez dutela etsiko ere badiote. Justizia eskatzen eta laguna gogoratzen segituko dutela. Hirugarren urteurrenerako, ekitaldi sorta bat prestatzen ari dira.

Bereziak dira, gainera, Cabacasen lagunek eta Iñigo Gogoan herri plataformak antolatu dituztenak. Deigarriena, San Mamesen egin nahi duten omenaldia. Apirilaren 29an Athleticen eta Realaren arteko derbia dagoela baliatuta, Iñigo Cabacasen eta Aitor Zabaletaren aldeko omenaldi bateratua antolatu nahian dabiltza. 2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Cabacas athleticzalea. Zabaleta, berriz, Frente Atleticoko jarraitzaileek hil zuten, 1998an, Madrilen. Biak omendu nahi dituzte Cabacasen lagunek, eta Zabaletaren senideekin harremanetan jarri dira. Ados daude haiek proposamenarekin. Athletici helarazi diote eskaera, eta erantzunaren zain daude.

Ekitaldia eta dokumentala

Aurrez, apirilaren 11n, beste omenaldi mota bat egingo diote Cabacasi. Gaztea Ertzaintzaren pilotak jo eta hilzorian utzi zuen lekuan gogoratuko dute, eta justizia eskatuko. Gertatutakoarekin «nolabait sentsibilizatuta» dauden guztiei egin diete deia 18:00etan Bilboko Maria Diaz de Haro kalea «betetzeko». Cabacas gabe 1.095 egun daramatzatela eta, beste horrenbeste puxika aireratzeko asmoa dute lagunek, «Bilboko zeru gainean justizia eske oihu egin dezaten».

Horrez gain, dokumental bat ere egiten ari dira. Cabacasen txikitako irudiak biltzearekin batera, gurasoek egun dituzten sentipenak erakusten ditu ikus-entzunekoak. «Apirilero irekitzen zaie sendatu gabe dagoen zauria». Mina gainditu beharra dutela esan dute, baina horretarako auzia argitzea eta justizia egitea ezinbesteko dutela ohartarazi.

Eta Iñigo Gogoan taldea haserre dago auziak hiru urteetan eman duenarekin. «Jada hiru urte pasatu dira; lotsagarria eta mingarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena». Bai lagunek eta bai herri ekimenak ahal izan duten guztia egin dutela azaldu dute: instituzio eta arduradun politikoengana jo dutela, eremu askotan egin dutela salaketa, polizia ereduari buruzko jardunaldiak antolatu dituztela, sinadurak bildu dituztela. Instituzioak eta arduradunak «aurpegi garbiketan» ari direla salatu dute, baina ohartarazi dute beraiek neurriak har daitezen saiatzen jarraituko dutela, halakorik berriro gerta ez dadin. Gomazko piloten erabilera bertan behera uztea «ezinbestekotzat» dute, futbolzalearen heriotzaren antzekorik errepika ez dadin. «Baina, horretarako, konpromiso politikoa behar da».

Pilota jaurti zuen ertzaina

Cabacasen familiaren izenean, Jone Goirizelaia ari da akusazio gisa, eta auziaren azkenaldiko urratsak azaldu ditu: identifikatu dute ertzain bat, gaztea hil zuen pilota jaurti zuelakoan. Adituen frogen arabera, gomazko pilota bota zen tokian zegoen ertzainetako bat da, eta pilotak bota zituztela aitortu zutenetako bat.

Oraindik froga gehiago egin behar direla azaldu du, halere, eta, tiro egin zuenarengana ez ezik operazioan horrela jokatzeko agindu zuten arduradunengana ere jo behar dela. Saio horretan ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.