Gurelur elkarte ekologistak salaketa bat aurkeztu du Nafarroako Ingurumen Departamentuan, Cabanillas II parke eolikoan hamasei sai arre hilda agertu direlako. Azaldu duenez, bisita bakar batean haize erroten azpian aurkitu dituzte hilda hamasei putre horiek, eta beste bi, argindar dorre banaren azpian. Horiez gain, arrano beltz bat ere aurkitu dute hilda azken bi horiekin batera.
Iazko urte amaieratik dago martxan Cabanillas II parkea, eta Gurelurrek salatu du hainbat espezierentzat ezin kokapen okerragoa duela. Izan ere, inguru horretan dauden abere etxaldeek harrapakari asko erakartzen dituzte parke eolikoaren inguruetara. Salatu dute hala ere Nafarroako Gobernuak inguru horretan etxalde gehiago baimendu dituela, jakin arren horrek zer ondorio izango zuen.
Zehaztu du, haize errota horietako bat etxalde batetik ehun metro eskasera dagoela, eta hori dela, hain zuzen ere, heriotza gehien eragin dituena. Gaineratu du putre bana eta arrano beltz bat hilda agertu diren argindar dorreetan jada lehenago ere hil direla hainbat hegazti, eta orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoa izan heriotza gehiago eragozteko. Eskatu dute ikertzeko zergatik jarraitzen duten izaten arriskutsuak bi dorre horietako kokalekuek hegaztientzat, eta besteetakoak nola dauden ere aztertzeko.
Cabanillas II parke eolikoarekin batera, Cavar izenekoak ere heriotza tasa altua duela azaldu du Gurelurrek. Horregatik, Gurelurrek parke eolikoaren jarduera behin-behinean eteteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, hegazti gutxiago hiltzeko neurriak hartu bitartean. Gurelurrentzat une erabakigarria da hau, parke eolikoak gero eta gehiago ari direlako ugaritzen, bai Nafarroan baita inguruko lurraldeetan ere.
Horrez gain, parkearen inguruan etxalde gehiago ez baimentzeko eskatu du elkarte ekologistak, baita Ingurumen Departamentuko arduradunek eta proiektua baimendu zuten ingurumen ikerketak egin zituzten pertsona eta enpresek dagokien erantzukizuna bere gain hartzeko ere, «bai baitzekiten salaketa hau ekarri duten sarraskiak gertatuko zirela».