Cadreitan itxialdi perimetrala ezarriko dute bi astez

Neurria ostiralean sartuko da indarrean. Ezinen da ez herrian sartu, ez handik atera, funtsezko arrazoiengatik ez bada. Osasunbideak COVID-19a atzemateko baheketa bat eginen du bihar.

Foruzaingoa herrialdearen itxiera perimetrala betearazteko kontrol lanetan, Sartaguda (Nafarroa). JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko apirilaren 7a
12:31
Entzun

Koronabirusaren transmisioa nabarmen larriagotu da Cadreitan (Nafarroa). Kutsatzea eteteko asmoz, Nafarroako Gobernuak itxiera perimetrala ezarriko du herrian, ostiraletik aitzina. Foru gobernuaren arabera, neurria bi astez izanen da indarrean, gutxienez; hau da, apirilaren 22ra arte. Egun horietan, debekatua izanen da herrian sartzea eta handik ateratzea, egoera jakin batzuetan salbu. Zehaztu dutenez, joan-etorriak baimenduak izanen dira, hala nola lanera eta ikasketa zentroetara joateko edo osasun arrazoiengatik.

Cadreitako Udalak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken hamalau egunetako datuei so, birusaren intzidentzia tasa metatua 2.129 da 100.000 biztanleko. Udalerrian 2.000 pertsona inguru bizi dira guztira.

Itxialdi perimetralaz gainera, baheketa bat eginen dute herrian. Birusa detektatzeko probak egitera deitu dituzte 30 eta 75 urte arteko herritarrak; adin tarte horretako 1.200 biztanle dira Cadreitan. Bihar eginen dute baheketa, herriko kiroldegian, 08:00etatik 20:00etara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.