Camacho: «ETA amaitu arte, gobernuak ez du urratsik egingo»

Espainiako Gobernuko Barne ministroak dio ez dagoela nazioarteko ikuskarien beharrik su-etena egiaztatzeko

Erredakzioa
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«ETAk ez badu bere jarduera behin betiko amaitzen, Espainiako Gobernuak ezin du urratsik egin, eta ez du egingo. Hori heldu bitartean, terroristak atxilotzen jarraituko dugu». Hala mintzatu da Antonio Camacho Espainiako Gobernuko Barne ministroa Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro ohia eta Espainiako bozetarako hautagai sozialista Bilbon izan den egun berean egin diote elkarrizketa irrati publikoan. Biek ala biek adierazi dute egoera «aldatu» egin dela, eta hori Zuzenbide Estatuari eta Espainiako Gobernuak izan duen «irmotasunari» esker izan dela.

Camachok eta Rubalcabak gogorarazi dute bi urte igaro direla erakunde armatuaren atentaturik gabe, iraultza zerga deiturikoa eten egin duela ETAk, eta uda honetan ia kale erasorik ez dela egon aipatu dute. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak «orain arte izan duen irmotasunari» eutsiko diola adierazi du Camachok. «Ez litzateke lehen aldia izango ETAk su-etena hausten duena. Gobernuak zuhurtziaz jokatu behar du, hori gertatuko balitz berme guztiak izan ditzan», nabarmendu du Espainiako Gobernuko Barne ministroak. «Politika bera egingo dugu. ETAren zelaian dago pilota. Ezin dugu lan egin ETAk armak utzi izan balitu bezala. ETA su-etenean dago, baina ez du indarkeria utzi», adierazi du, eta gaineratu du Espainiako Gobernuak ez duela nazioarteko ikuskatzaileen beharrik erakunde armatuaren su-etena egiaztatzeko. «Hori frogatzeko nahikoa dugu Espainiako segurtasun indarren lanarekin».

Legea bete

Egungo jokaleku politikoa ezartzerako orduan, ezker abertzalearen barruan izan den aldaketa «positiboa» izan dela adierazi du, halaber, Camachok. Hala ere, ETAren amaiera ez dela «Bilduri esker iritsiko» adierazi du. «Zuzenbide Estatuak ekarriko du ETAren amaiera. Ez dugu hanka sartu behar ETAren amaiera Bilduk ekarriko duela pentsatzen». Horren harira, koalizio abertzaleari eskatu dio «gainontzeko alderdiekin batera indarkeriaren amaieraren alde lan egiteko». Hori egiten ez badu, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila «gainean» izango dituela ohartarazi dio.

Espetxe politika ere izan du mintzagai Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Camachok adierazi du ez dela aldaketarik egongo alor horretan, eta baztertu egin du euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea. «Gobernu guztiek egiten dutena egiten du gobernu honek: legea bete. Preso bakoitzaren kasua aztertzen dugu, eta horren arabera hartzen dira neurriak». Camachok nabarmendu duenez, «geroz eta preso gehiagok» egin dute «indarkeriatik urruntzeko urratsa».

Espainiako Gobernuko Barne ministroari erantzunez, Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi eta Bilduko bozeramaileak espetxe politikaren «erabilera maltzurra» salatu du, eta Camachori eskatu dio presoei dagozkien eskubideak errespetatzeko. «Legea betetzeko eskatzen diogu, ez dugu beste munduko ezer eskatzen; gero, egin ditzala nahi dituen adierazpenak», adierazi du. «Espainiako legediaren arabera, ez luke presoen sakabanaketarik egon behar, zigorraren hiru laurdenak beteta edo hilurreneko egoeran dauden presoak aske egon beharko lirateke, eta Parot doktrina ez litzateke aplikatu behar», gaineratu du Urizarrek.

«Demokraten garaipena»

PSE-EEko kideek Alfredo Perez Rubalcabarekin batera egindako ekitaldian, berriz, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak Rubalcabak Espainiako Gobernuko Barne ministro gisa egindako lana txalotu du. «Euskadin bizi dugun garai berria neurri handi batean hari esker bizi dugu». Rubalcaba «indarkeriaren aroa amaitzeko bermea» dela adierazi du, halaber, Lopezek, eta ETAren amaiera «Zuzenbide Estatuareneta demokraten garaipena» izango dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.