Camachok esan du beren egitekoa orain «bakea egonkortzea» dela

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren zentroa elkarrekin kudeatuko dute Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak«ETAri gudua irabazi» diotela esan dute Aresek eta Camachok bilera ostean

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
«Zuzenbide estatuak gudua irabazi dio ETAri, baina lana bukatu behar dugu», esan du Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Antonio Camacho Espainiako Barne ministro aukeratu berriarekin aurreneko bilera egin ostean esan ditu hitz horiek Aresek, eta ildo berean jardun du Camachok ere. «Indarkeriazko urteen» ostean bakea «inoiz baino gertuago» dagoela esan du, eta gaineratu du hura «egonkortzea» dela orain beren egitekoa, baina ez du azaldu hori nola egingo duten.

Biek antzeko analisia egin dute ETAren inguruan, hark bi urte atentaturik egin gabe daramatzala eta. Erakunde armatuak geldirik jarraituko duela pentsatzen dute. Aresek adierazi zuen epe motzean ETAk menia hautsiko duela pentsatzeko «datu objektiborik» ez dutela. Nolanahi ere, ETA oraindik ez dela desagertu ohartarazi zuen Camachok, eta horregatik «erne» egongo direla eta «presioa» mantenduko dutela jakinarazi zuen.

Egoera honetara iritsi izana eurei esker izan dela uste dute Espainiako Barne ministroak eta Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. «Tinkotasun demokratikoari esker» heldu da egoera hau, Aresen esanetan, eta segurtasun indarren eraginkortasuna esker.

Madrilen egin zuten bilera Aresek eta Camachok, eta bertan erantzun zieten kazetarien galderei ere. Bilduri buruz ere galdetu zieten, haiek udaletan presentzia izatearen ondorioz «ETAren aldeko ekitaldiak» gehitu daitezkeela iradokiz. «Gertaera puntualak» salbu, halakorik ez dela gertatu azaldu zuen, eta konpromisoa hartu zuen «legea betearazteko»: «Inpunitate espazioei zero tolerantzia». Adi egongo direla gaineratu zuen Camachok; «oso erne» egongo direla. Izan ere, legea betetzeak «normalizazioari» lagunduko diola uste du.

Biktimei «ohore» egiteko

Herrizaingo Saileko eta Barne Ministerioko beste ordezkari batzuk ere izan ziren bileran, eta han erabaki zuten Euskal Herrian egoitza izango duen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa bi gobernuen artean kudeatzea. Diputatuen Kongresuan berriki onartutako Biktimen Aitortza eta Babeserako Legearen barruan onartu zuten zentro hori egitea.

Elkarlanerako protokoloa sinatuko dute aurki bi gobernuek. Zentroaren egoitza non jarri, eta zentroa nola egin eta nola kudeatu jasoko dute protokolo horretan.

Zentro hori «terrorismoaren biktimak gogoratzeko» eta haiei «ohore egiteko» izango dela esan dute. Ez da hori izango helburu bakarra: zentro hori irekita «beste batzuen historia berridazteko» saioari ateak itxi nahi dizkiote. Honela azaldu du Aresek: «Hau da Euskadin gertatu dena gogoratzeko modurik egokiena, halakorik gehiago gerta ez dadin». Camachok gaineratu zuen «terrorismoaren kontrako borrokaren bizkarrezurra eta erreferente etiko nagusia» biktimak direla.

Aurore Martinen egoerari buruz ere galdetu zieten kazetariek Aresi eta Camachori. Haren kontrako euroagindua onartuta dagoen arren, Frantziako Poliziak ez du atxilotu Martin. Ekainaren 21ean saiatu ziren hura atzematen, baina herritarrez inguratuta zegoenez, ezin izan zuten eraman.

Gertatuak gertatu, Frantziako Poliziaren laguntasuna goretsi zuen Camachok, eta gaineratu zuen ETAren kontrako borrokan Frantziako Poliziarekin duten elkarlana lehengo bera dela, eta bere hartan jarraitzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.