ETAk indarkeria behin betiko uzten ez duen bitartean, Espainiako Gobernuak ez du inolako urratsik egingo. «Ez dugu mugimendurik egingo, eta azken urteotako lan ildoari eutsiko diogu». Hala ziurtatu zuen atzo Antonio Camacho Espainiako Barne ministroak Gasteizen, Patxi Lopez lehendakariarekin, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin eta EAEn lan egiten duten segurtasun indarrekin batzartuta egon eta gero.
Espainiako Gobernuak ez du espetxe politika aldatzeko asmorik, eta, beraz, ez du urratsik egingo euskal presoak Euskal Herrira gerturatzeko, Camachok jakinarazi zuenez.«Gobernuak ez du aurreikusten presoen gerturatze orokorrik». Haren esanetan, ETAk indarkeria utzi egin behar du, gobernuaren mugimenduen zain egon gabe. «Bake bidean aurrera egiteko urrats bakarra ETAk egin behar du, eta indarkeria uztea ezin da gobernuaren pausoen menpe egon».Jakinarazi zuenez, soilik ETAren indarkeria betiko amaitzen denean erabakiko dute zein neurri hartu gobernuak eta kongresuak.
Joan den ostegunean lehendakariak espetxe politika malgutzea eta presoak modu progresiboan hurbiltzea proposatu zuen Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko osoko bilkuran, eta gai hori hizpide izan zuten atzoko bileran Camachok eta Lopezek. Espainiako Gobernuak «aintzat hartuko du» Lopezen proposamena, eta «hausnarketa» egingo du haren inguruan, Barne ministroak azaldu zuenez. Haren ustez, lehendakariaren proposamenak «garrantzitsuak» eta «funtsezkoak» dira, eta horiek egiteko «zilegitasun osoa» dauka, euskal gizartearen ordezkari nagusia den heinean.
Ildo horretatik,Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa babestu izana indarkeriatik aldentzeko urratsa dela adierazizuen Camachok: «Kartzelan dagoen ETAren zatirik handiena aurrerapausoak ematen ari da biolentzia alboratzeko».
Bileraren ostean lehendakaritzak ohar batean jakinarazi zuenez, Camachok eta Lopezek uste dute «itxaropen» aro bat dela hau eta «indarkeriaren zikloa amaitzear» dagoela. Bi agintarien arabera, ETA egun «ahul» badago «borroka polizialari eta judizialari» esker dago, eta, horregatik, orain arteko estrategiari eustea ezinbestekoa dela iritzi diote. Nolanahi ere, biek ala biek onartu dute indarkeriaren amaiera lortzeko bidean «unean uneko aldaketak» egin ahal zaizkiola ETAren aurkako estrategia horri, betiere «baldintza eta ordainik gabe» egiten bada.
Lehendakariarekin ez ezik, EAEn lanean ari diren polizia eta guardia zibilen buruekin ere batzartu zen atzo Camacho, eta haiei eskertu egin zien «bake bidean egindako lana». Barne ministroaren ustez, segurtasun indarrek egindako «lan onari» esker bakea gertuago dago.
Amaiur
Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko den Amaiur koalizio berriaz ere mintzatu zen atzo Espainiako Barne ministroa, kazetarien galderei erantzunez. Azaldu zuenez, une honetan ez dago Amaiurren legez kanporatzea bultzatzeko inolako arrazoirik. Nolanahi ere, ohartarazi zuen etorkizunean zantzurik izanez gero gobernuak Estatuaren abokatuari eta Fiskaltzari legez kanpo uzteko neurriak eskatuko dizkiela.
«Espainiako Polizia eta Guardia Zibila erne daude, eta koalizio berriak legearen zirrikitu guztiak betetzenote dituen ikertzen dabil egunero», Camachok azaldu zuenez.
Camachok ziurtatu du ez dela egongo presoen «gerturatze orokorrik»
Espainiako Barne ministroak esan du gobernuak ez duela inolako arrazoirik Amaiurren ilegalizazioa eskatzeko«Indarkeriaren zikloa amaitzear» dela diote Barne ministroak eta EAEko lehendakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu