Espainiako Auzitegi Gorenak absoluzioa ebatzi du Maider Caminos, Aritz Azkona eta Mikel Jimenez Iruñerriko gazte auzipetuentzat, eta zigorra berretsi die Luis Goñi eta Xabier Sagardoiri. Bi zigortuei babesa adierazi eta haien absoluzioa eskatzeko, elkarretaratzera deitu dute gaurko; 18:00etan elkartuko dira Iruñeko Gazteluko plazan eta 20:00etan Barañaingo Udaletxe plazan.
Epaia ezagutarazi baino lehen, auzipetuek adierazi dute euren burua gordetzea erabaki dutela. Uztailaren 3az geroztik Auzitegi Gorenak auzia berrikusteko saioa izan zuenetik Polizia jarraitzen ari zaiela jakinarazi dute, eta horregatik erabaki dutela ezkutatzea. Adierazi dute "ulertezina" zaiela "zuzenbide estatu batek gu espetxeratzea lan politikoa egiteagatik", eta gaineratu dute ez dutela absoluzioa ez den beste epairik onartuko.
Jimenez kartzelan da, eta beste laurek hartu dute ezkutatzeko erabakia: "Atxiloketak saihesteko hautu irmoa hartu dugu egoera honetan aurkitzen garen gazteok".
Euskal Herrian "libre" bizitzeko nahia dutela eta "determinazio horrekin" jarraituko dutela esan du Azkonak bideoan. Eleak mugimenduak zabaldu du mezua. Bostek laster jasoko dute Auzitegi Gorenaren ebazpena.
Halaber, "konpromiso zehatzak hartzeko, planto egiteko eta, estatuen gerra estrategia hau geldiarazteko, erantzun irmoa emateko" deia egin die herritarrei.
Bost auzipetuei babesa adierazteko, herri harresia irudikatuko dute larunbatean Amaiurren (Nafarroa). Uztailaren 3an ere elkartasuna azaldu zieten auzipetuei, "etxeko ateak" irekita zituztela esanaz.
Eskaerak, bere horretan
Uztailaren 3an egin zuten Iruñerriko bost auzipetuek jarritako helegitea aztertzeko Espainiako Auzitegi Gorenean egin zen saioa. Alde bakoitzak bere jarrerari eutsi zion, eta epaiaren zain geratu zen auzia. Fiskalak Auzitegi Nazionalak emandako epaia bere egin zuen. Zigortuak Segikoak edo Ekinekoak direla esan zion epaimahaiari; beraz, talde armatuko kideak direla, eta, beraz, seina urteko kartzela zigorra behar dutela. Hori baieztatzeko nahikoa froga badaudela.
Kontrakoa uste du defentsak: Ez dagoela frogarik Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Mikel Jimenez eta Aritz Azkona Segiko edo Ekineko "militante aktiboak" direla esateko, eta, beraz, ezin direla zigortu.