Espainiako Ingurumen ministro Miguel Arias Cañetek zorionak eman dizkio Usurbili (Gipuzkoa), hondakinak atez ate bilduta lortu dituzten birziklatze emaitzengatik. Xabier Mikel Errekondo zoriondu du ministroak, Usurbilen hondakinak gaika biltzen hasi zirenean alkate zena —egun, Amaiurreko diputatua da—. Errekondok esker ona azaldu dio Cañeteri.
Errekondok BERRIAri jakinarazi dionez, atzo Cañeterekin hizketan aritu zen Espainiako Kongresuan, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioko aurrekontuen eztabaidan. Zoriondu ostean, atez atekoaren inguruan aritu ziren. «Esan diot atez ate biltzen ditugula Usurbilen sortzen ditugun hondakinen %100, baita enpresa eta merkataritza gune handietakoak ere. Harrituta eta pozik hartu du. Esan dit atez atekoa erraza dela, eta herritarrak berehala moldatzen direla». Usurbilgo hondakinen gaikako bilketa eredugarrien artean dago, halaber, Espainiako Ingurumen Ministerioaren webgunean. Egun, Usurbilen ez ezik, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan ere biltzen dituzte hondakinak atez ate. Datorren urterako, beste 34 udalek jarriko dute bilketa sistema hori.
Plana, egun gutxi barru
Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan aurkeztuko du hondakinen kudeaketarako plana; hala berretsi zuen atzo Martin Garitano ahaldun nagusiak. Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran esan zuen, eta jakinarazi zuen plana egungoa baino merkeagoa izango dela. «Oraingoaren erdia kostatuko da. Gainera, Gipuzkoa erreferente izango da hondakinen kudeaketan. Erakutsiko dugu errauste planta ez dela behar». Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak berak herenegun nabarmendu zuen lan egingo dutela Gipuzkoa «zero zabor lurraldea» izan dadin.
Hondakinen inguruan foru gobernuak dituen asmoen aurka azaldu ziren EAJ, PSE-EE eta PP. EAJko bozeramaile Markel Olanok Garitanori galdetu zion ea hondakinen plana Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko den. «Aldundiaren planteamendua handiustea eta demagogikoa da», esan zuen Olanok.
Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusiek babestu egin dute aldundiak hartutako erabakia, Gipuzkoarekin zaborren inguruan duten hitzarmena bertan behera uztekoa. Atzoko osoko bilkuran babestu zuten, hain zuzen. «Gipuzkoak bere konpromisoak betetzen ez baditu, Bizkaiari ezin zaio eskatu solidarioa izateko», nabarmendu zuen PSE-EEko batzarkide Iñaki Egañak. Unai Rementeria EAJkoaren arabera, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du arrazoirik eman errauste planta ez eraikitzeko. Bildu izan zen aurka bozkatu zuen bakarra.
Cañetek Usurbil zoriondu du atez atekoarengatik
Espainiako Ingurumen ministroak Errekondori esan dio atez atekoa erraza dela eta jendea berehala ohitzen dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu