indarkeria matxista

Caridad Rodriguez Arrieta

Tolosa, 2012ko martxoaren 23a.

2012ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Caridad Rodriguez Arrietaren gorpua bere etxeko gela batean aurkitu zuten, Tolosako Larramendi auzoan (Gipuzkoa). Lepoan ebaki bat zuen, labana batekin egina. Haren ondorioz odolustu zen, baina zauri arinagoak ere bazituen gorputzean. 2012ko martxoaren 25a zen; bi egun lehenago hil zuen bikotekide zuen gizonak.

Rodriguezek 39 urte zituen, eta kubatarra zen sortzez. 12 urteko ume bat zuen, eta dibortziatua zegoen. 2010ean beste harreman bat hasi zuen, 26 urteko gazte batekin: Jose Antonio Garcia Akhamlich, hiltzaile izango zuen gizona. Alokairu sozialeko pisu batera aldatu zen bikotea, lau hilabete lehenago.

Bikotekide ohi eta bere semearen aitak eman zien abisua poliziei igande iluntzean, emakumeak ez ziolako telefonoari erantzuten, eta ez ziolako etxeko telefonoa hartzen. Antza, hiltzaileak adiskide bati bidali zizkion mezu batzuk, zerbait larria gertatu zela adieraziz, eta Rodriguezen bikotekide ohiari abisatzeko esanez. Ertzainek atea behartu, eta bertan aurkitu zuten gorpua.

Ertzainak lekura iritsi eta hiru ordutara, frogak hartzen ari zirela oraindik, hiltzailea pisura agertu zen, eta emakumea berak hil zuela aitortu zien. Garciak zauriak zituen besoetan, autolesionatu egin zelako. Eztabaidan aritu zirela esan zien poliziei; ostiralean hil zuen emakumea, eta ezkutatzen saiatu zen hasieran. Tolosako klinikan artatu, eta Donostiako unitate psikiatrikora bideratu zuten gero. Espetxera eraman zuten handik.

Rodriguezek ez zuen aurkeztu salaketarik bikotearen aurka, baina Garciak bazuen salaketa zaharrago bat genero indarkeriagatik, aurreko beste harreman batekoa. 2009an izan zen, eta urruntze agindu bat ere ezarri zioten orduan. Bazituen bestelako aurrekariak ere, lapurretagatik eta drogak edukitzeagatik, eta kartzelan lau urte ere pasatutakoa zen.

Rodriguezen bizilagun batzuek oroigarri bat jarri zuten etxebizitzaren atarian, emakumeen aurkako bortizkeria salatzeko eta Rodriguezen senitarteko eta lagunei elkartasuna azaltzeko. Tolosako Udalak adierazpen bat ere onartu zuen, eta erabaki zuen akusazio partikular gisa aurkeztea epaiketan. 

2014ko ekainean epaitu zuten Garcia. Hilketa ankerkeriaz egin zuela egin zuela ebatzi zuen epaimahaiak, eta 22 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.