Neskamea etxera iritsi zenean, bi gorpu aurkitu zituen, Jon eta Carlotta Ortuzar senar-emazteenak. Carlottaren gorpua logelan zegoen. Itota hil zuen senarrak. Jon Ortuzarren gorpua, berriz, igerilekuan atzeman zuen; bere buruari zama bat lotuta bota zen uretara, itotzeko. Gutun bat ere aurkitu zuten etxean; Jon Ortuzarrek berak idatzi zuen, gertaeren berri emanez eta familiari barkamena eskatuz. Aurrena emaztea hil, eta gero bere buruaz beste egin zuen gizonak. 60 urte zituen Carlotta Ortuzarrek; 76, Jon Ortuzarrek.
Ikusi gehiago
Bi nazionalitate zituen bikoteak: Espainiakoa eta Erresuma Batukoa. Luis Ortuzar EAJko militante ezagunaren semea zen Jon. Besteak beste, Ertzaintzaren sortzaileetako bat izan zen aita. 1936ko gerrarekin, Hegoaldetik ihes egin, eta Urruñan etxea hartu zuten ortuzartarrek. Jon Ortuzar, ordea, Londresen jaio zen, eta han egin zuen ibilbide profesionala. Berezkoa etxea Madrilen zuen bikoteak, baina Urruñan (Lapurdi) denboraldi luzeak egiten zituen, eta anaia bat ere han bizi zitzaion Joni. Etxe horretan aurkitu zuten bikotea hilik, Notre Dame de Sokorri karrikan, 2008ko irailaren 2an.
Poliziaren arabera, emakumeak zauriak zituen aurpegian. Mailu bat eta kable bat aurkitu zituzten haren gorpuaren inguruan. Uste dute kable horrekin itota hil zuela. Gizona, berriz, azpiko erropetan zegoen igerileku barruan. Kirol poltsa batzuk zamatu, bere buruari lotu, igerilekura sartu, eta poltsa horiek lotu egin zituen.