Legea betetzen duela. Horixe erran dute, egun berean, Castejongo (Nafarroa) Elerebroren bigarren zentral termikoari buruz, Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak eta Nafarroako Gobernuko Industria kontseilari Lourdes Goikoetxeak. Joan den azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuen bigarren talde elektriko horren jarduera, ez zuelako betetzen zentralaren eta udalerriaren arteko bi kilometroko distantzia legezkoa.
Soriak eta Goikoetxeak argudio bera erabili dute auziari buruz egin dizkieten galderak erantzuteko: bertan behera gelditu dela bi kilometroko gutxieneko distantzia ezartzen zuen araudia. «Hori kontuan hartuta, zentralaren baimena balioztatzea erabaki du gobernuak, baimen hori emateko arazorik ez dagoelako», erran du Soriak.
Amaiurrek egin du Castejongo zentralari buruzko galdera Espainiako Kongresuan, eta koalizio horretako kide Sabino Cuadra ez da batere kontent gelditu jasotako erantzunarekin. Cuadrak argi du Auzitegi Gorenaren sententziaren arabera «erabat legez kanpokoa» dela Elerebroren bigarren zentralaren jarduera, eta, horren ondorioz, berehala ixteko eskatu du, «gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsua» baita.
Nafarroako Parlamentuan Ezkerrak eta Bilduk galdetu dute zentralari buruz, Auzitegi Gorenaren sententzia beraren harira. Goikoetxeak berretsi du distantziari buruzko araudia jada ez dela indarrean, eta gaineratu du Auzitegi Gorenak sententzia baten bidez zentralaren jardueraren aurka egin bazuen ere bertze batean ontzat eman zuela Elerebroren bigarren talde elektrikoaren ingurumen baimen integrala. Bigarren sententzia hori kontuan hartuta, zentralaren jarduera «beti legezkoa» izan dela azpimarratu du kontseilariak.
Bilduko parlamentari Victor Rubio ez da ados agertu kontseilariarekin: «Itoizko urtegiaren gisako bertze kasu bat da hau; lehendabizi bete, eta ea gero nor ausartzen den hustu dezagun eskatzera. Ohituta gaude Nafarroako Gobernuaren lan egiteko modu horrekin». Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, gogorarazi du epaileek hainbat helegiteri buruz erabaki behar dutela, oraindik ere, zentral termikoen auzian.
Castejongo zentrala «legez» ari dela dio gobernuak
Espainiak ere Elerebroren baimena balioztatzeko erabakia hartu du, zentralak aurkako epaia jaso arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu