Politika

Catalanek hautagaitza aurkeztuko du UPNren kongresura, Barcinarekin akordioa hautsita

UPNko egungo presidenteak eta presidenteordeak duela bi aste sinatu zuten ituna. Martxoaren 17an izango du UPNk biltzarra. Barcina eta Catalan lehiatuko dira presidente kargua lotzeko.

joxerra senar
2013ko otsailaren 6a
20:09
Entzun

Alberto Catalan UPNko presidenteordeak bere hautagaitza aurkeztuko du alderdiko presidentetzarako martxoaren 17ko kongresuan, gaur jakin denez. Catanalek berak UPNko militanteei jakinarazi die dagoeneko erabakia, mugikorreko mezu baten bidez. 

Alderdiko iturri batzuek aipatu dutenez, Navarra TVren Twitter bidez jakin dute albistea, baina baieztatu dute bi hautagaitza egongo direla biltzarrean: Yolanda Barcina alderdiko egungo presidente eta Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, eta Catalanena.

Duela bi aste alderdiko bi buruzagi haiek karguak banatzeko lortutako akordioa hautsita geratu da, beraz. Iragan ostiralean Barcinak aurreratu zuen ez duela Catalanengan konfiantzarik.

Navarra TVk arratsaldean zioenez, Catalanek esan du alderdiak "inoiz baino biziagoa" egon beharko lukeela orain. UPNko presidenteordearen esanetan, adostasun faltak eta "arrazoitu gabeko atzerapenak" eragotzi dute Barcinaren eta bien akordioa gauzatzea. Horren erruduna zein den iragarri du, izen zehatza aipatu gabe: "Ez naiz ni izan".

Barcina (Burgos, Espainia, 1960) 2009tik da UPNko presidentea. Nafarroako lehendakaria, berriz, 2011tik. Bietan Miguel Sanzen lekukoa hartu zuen. Catalan (Corella, Nafarroa, 1962) 2009tik da alderdiko presidenteordea, eta 2011tik Nafarroako Parlamentuko lehendakaria da.

2011ko foru hauteskundeetan UPN izan zen herrialdeko lehen indarra, hemeretzi legebiltzarkide lortuta. Orduko hartan, aurrekoetan ez bezala, PP bere kasa aurkeztu zen, UPNrekin hautsi ondotik; lau aulki eskuratu zituen. PSN geratu zen bigarren, bederatzirekin. NaBaik zortzi eskuratu zituen, Bilduk zazpi eta Ezkerrak hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.