Euskadiko CCOO sindikatuarenIngurumen eta Lan Segurtasun idazkaritzaren arduradun Jesus Uzkudunek gasa erauzteko haustura hidraulikoaren sistema (fracking) «gelditzeko eta debekatzeko» eskatu du. Uzkudunek agerraldia egin zuen atzo, gasa ateratzeko sistema horren inguruan CCOOk egindako txostena aurkezteko. Araban egiten ari diren zundaketez gain, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere fracking motako erauzketak egiteko proiektuak daudela jakinarazi du Uzkudunek, baina ez du esan non zehatz-mehatz.
CCOOk osaturiko txostenak azaltzen duenez, ezohiko gasak erauztea gas naturala ateratzea baino konplexuagoa da, besteak beste, ezohiko gasak kokatzen direneko arrokek —arbelezkoak— poro eta irazkortasun gutxiago dutelako. Ondorioz, gason kontzentrazioa txikiagoa da, eta, gainera, elkarrekin loturarik ez duten gune txikietan egoten da. Hori dela eta, gasa biltzea eta azaleratzea lortzeko arbel geruzak apurtu behar dira.
Sakonerak are gehiago zailtzen du erauzketa prozesua: lur azaletik 5.000 metrora egotera hel daitezkeen geruzetan dago gasa. Hain justu, zulaketa bertikala egitean datza haustura hidraulikoaren sistema. Zuloari altzairuzko hodi bat jartzen zaio, porlanezko estaldurarekin, gero erabiliko diren gai kimikoez lur azpiko urak babesteko. Arbelera heldutakoan, beste zulaketa bat egiten da, oraingoan horizontala, hiru kilometroko luzera hartzera hel daitekeena. Ondoren, haustura txikiak egiten dira, lehergailuak erabiliz.
Azaleratze arriskutsuak
Horren ostean, milaka tona ur txertatzen dira lur azpiko arbelean, goi presioan, hondarrarekin eta gehigarri kimikoekin nahastuta. Presio handian sartutako ur horrek harkaitzak puskatzen ditu, eta ondorioz, gasa askatzen du. Minerala, ordea, ez da lurzorura bakarrik itzultzen: ura, hondarra eta gai kimikoak ere azaleratzen dira, baina txertatutakoaren «%15 eta %80 bitartean baino ez da berreskuratzen», Jesus Uzkudunen hitzetan; gainontzeko materialak lur azpian gelditzen dira.
«Ikerketa guztiek adierazten dute lur azpiko urak kutsatzeko arriskua oso handia dela, gai kimikoak erabiltzean gertatzen diren isurketen ondorioz», erantsi du CCOOko ordezkariak. Izan ere, prozesuan erabilitako gehigarri kimiko horietako asko «kezkagarriak» direla nabarmendu du txostenak, kutsatzeaz gain, minbizia ere eragin dezaketelako.
Halaber, lur azalera itzultzen den jarioak arbel geruzek izan ditzaketen substantziak ere askatzen ditu, eta harkaitz horiek substantzia arriskutsuak izan ohi dituzte; besteak beste, merkurioa eta beruna. «Sistema hau berotegi efektua saihesteko alternatiba ona izan daitekeela planteatzen bada ere, datuek erakusten dute ikatza erauztean sortzen den kutsadura mailaren parekoa sortzen dutela fracking-ak eragiten dituen metano isurketek». Horrez gain, haustura hidraulikoaren sisteman gasa erauzteko energia kopuru handiak erabili behar direla gogoratu du. «Ingurumenean zein osasunean eragiten dituen kalteak kontutan hartuta, eta errentagarritasun energetiko urria ikusita, uste dugu saiatzea ez duela merezi».
Nazioarteko kasuak
Munduko herrialde ugaritan gasa erauzteko haustura hidraulikoaren sistemaren inguruan izandako esperientzien berri ere eman du Uzkudunek. «Ameriketako Estatu Batuetan fracking sistema 1990etik erabiltzen dute, eta kontsumitzen duten gasaren %20 baino ez dute erauzten». Buffalo Cityn (New York) eta Pittsburgen (Pensilvania) debekatu egin dute fracking-a. AEBetako Ingurumen Bulegoak txosten bat aurkeztuko du aurten, eta Uzkudunek adierazi duenez, «oso kezkatuta daude lur azpiko urek jasandako kutsadurarekin».
Europan, Frantziako Gobernuak ere debekatu du gasa horrela ateratzea. Aldiz, Poloniak eta Erresuma Batuak gasa fracking bidez erauzten jarraitu dute. Arlo horretan irizpideak bateratze aldera, Europako Parlamentuak gasa ateratzeko sistema horri buruzko legea egin dezan eskatu du Jesus Uzkudunek.
CCOOk eskatu du gasa erauzteko 'fracking' sistema gelditzeko eta debekatzeko
Uzkudunek azaldu du, Araban ez ezik, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ere erauzketak egiteko proiektuak daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu