Venezuelako Carabobo estatuan hil zen Celestino Galan euskal iheslaria, istripuz, irailaren 19an. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, auto batek harrapatu zuen, Valencia hirian. Bertan bizi zen iheslari bilbotarra, eta hogeita hamar urtetik gora zeramatzan etxetik kanpo. Etxerat-ek babesa eta elkartasuna adierazi die iheslariaren senide eta lagunei, eta azaldu du iheslariek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea izan behar dutela, «halako egoerarik gerta ez dadin ».
Preso eta iheslarien senideen elkarteak adierazi du «oso egoera zailak» izaten dituztela iheslarien familiek: «Erabateko ezjakintasunean bizi dira egunero. Senidearekin komunikazioa izanhal duten kasuetan, hainbat oztopo gainditu behar izaten dute». Etxerat-ek gogoratu du gastu ekonomiko handiez gain, familia horiek «estatuen errepresioa» gainditu behar izaten dutela euren senideak bisitatzeko. Gainera, Etxerat-ek dio egoera «bereziki zaila» dela euren senideak non eta nola dauden ere ez dakitenentzat. «Azken urteetan izandako jazarpen politikoaren ondorioz eta torturatuko dituzten beldurraren ondorioz egin behar izan dute ihes gure senide eta lagun askok», azaldu dute, eta gogoratu dute Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi direla horietako zenbait. «Gainera, une oro atxilotuko, torturatuko eta espetxeratuko dituzten beldurrarekin bizi dira», gogoratu du Etxerat-ek.
Herrira mugimenduak ere «babesa eta gertutasuna» adierazi nahi izan die Galanen ingurukoei, eta jakinarazi du Venezuelan bizimodu normala egiten zuela Galanek. «Euskal jendarteak urtetako sufrimendua atzean uzteko unea da», adierazi du Herrira-k, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du iheslariak itzultzea.
Ekainean Azkainen (Lapurdi) egindako ekitaldian, Euskal Herrian hasi den prozesuaren gainean «konfiantza osoa» dutela berretsi zuten iheslariek, eta adierazi zuten konponbidean eragile izango direla.
Celestino Galan iheslaria hil da, Venezuelan, istripuz
Irailaren 19an hil zen iheslari bilbotarra, auto batek harrapatuta; 30 urtetik gora zeramatzan etxetik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu