Euskal presoak

CGPJ: «Biktimekin egon arren, legea bete behar da»

Baltasar Garzonen aburuz, «zuzenbide estatu batek ezin du utzi pertsona bat espetxean hiltzen»

Erredakzioa
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gabriela Bravo Espainiako Botere Judizialeko Kontseiluko eledunaren arabera, «biktimekin egon arren, legea bete behar da». RNE irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Bravok azpimarratu du auzi hori «erabat jurisdikzionala» dela eta, ondorioz, epaileen gobernu organoak ezin duela horri buruzko iritzirik eman, are gutxiago oraindik epai baten zain badago. Hala ere, haren esanetan, «zuzenbide estatua beti egongo da biktimekin, baina hori zuzenbidea eta legea ezartzearekin bateratu behar da».

Iritzirik ezin eman duenez, zuhurki mintzatu da Bravo: «Jabetzen gara terrorismoarekin zerikusia duten edozein gaik adierazpen sutsuak eragiten dituela, batzuk besteak baino sutsuagoak». Dena den, Bravo ziur azaldu da Justiziak «zuzenbidearekin hobekien ezkontzen den erabakia» hartuko duela. Epaileen uste osoa izateko eskatu du. Haren esanetan, Espetxe Zaintzak erabaki bat hartu du, eta horrek polemika eragin du.

Garzonen adierazpena

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak, berriz, Sevillan (Espainia) egindako hitzaldi batean, fiskalaren erabakia kritikatu du. Aurreko astean Jose Luis Castro epaileak Josu Uribetxebarria aske uzteko emandako epaiaren aurka helegitea aurkeztu du fiskalak. Baltasar Garzonek azpimarratu du auzia «ondo» ezagutzen duela, Josu Uribetxebarria atxilotzeko hark agindu zuelako. «Zuzenbide estatuaren eta terroristen moduan zuzenbide estatua oso modu larrian urratzen dutenen arteko diferentzia objektiboa gizatasunean datza», esan du Baltasar Garzonek. Epailearen iritziz, «zuzenbide estatu batek ezin du utzi pertsona bat espetxean hiltzen».

Baltasar Garzonek errespetua azaldu die Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak eta ondoren fiskalak hartutako erabaki kontrajarriei. Dena den, Garzonek baloratu du biktimak «konpentsatzeko mekanismoak» badaudela. Era berean, gogorarazi du Uribetxebarriari ezarritako zigorra «oso modu zorrotzean» bete dela. Erabakia errespetatu arren, helegitea jartzeko fiskalaren asmoa kritikatu du. Helegite horren inguruan Auzitegi Nazionalak hartuko duen erabakiaren zain geratu beharko dela besterik ez du esan gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.