Koronabirusa

COVID-19a dela eta, Espainiako espetxeetako kudeaketa salatu dute zenbait elkartek

Sare Herritarrak, Etxerat-ek eta Salhaketa Arabak  salatu dute euskal presoen senideak bazter utzi dituztela. Manifestu bat sinatu dute, eta Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari galdegin die ea zergatik ez diren kontuan hartu nazioarteko erakundeen aholkuak.

Urtarrilaren 11an Bilbon egindako manifestazioa, Orain Presoak lelopean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 5a
12:32
Entzun

COVID-19a dela-eta, Espainiako espetxeetako kudeaketa salatu dute Sare Herritarrak, Etxerat-ek eta Salhaketa Arabak. Joseba Azkarraga Sare Herritarreko bozeramaileak adierazi duenez, lehen kasuak agertu zirenetik dabiltza salatzen euskal presoek kartzeletan bizi duten «egoera zaurgarria». Gogoratu du espetxeetan ez dagoela nahikoa berme segurtasun neurriak mantentzeko, ez eta egon daitezkeen kasuak artatzeko osasun sistema egokirik ere, besteak beste. Areago, azaldu du hainbat direla adineko euskal presoak, eta horietako askok gaixotasun «larriak eta sendaezinak» dituztela. Nabarmendu duenez, «ehuneko handi batek» nazioarteko erakundeen jarraibideak betetzen ditu, eta baldintzapean aske egon beharko lirateke.

Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramailearen arabera, egoera honetan, espetxeetako kudeaketak euskal preso politikoak ez ezik, bazter utzi ditu haien senideak ere. Jakinarazi du arintze fasean, eta ahal den neurrian, «beharrezkoa» dela euskal presoak etxera hurbiltzea, Euskal Herrira. «Denontzat hain gogorra eta zaila den ziklo hau igarotzean, eta euskal gizartea normalizazioaren bidean egon dadin, behingoz egin beharreko kontua da, sufrimendurik gabe», erantsi du Errazkinek.

Salatzeko, manifestua

Sare Herritarrak, Etxerat-ek eta Salhaketa Arabak manifestu bat sinatu dute, Espainiako espetxeetan egon den kudeaketa salatzeko asmoz. Salatu dute kartzeletan ez direla aplikatu nazioarteko erakundeek gomendatu dituzten neurriak; hala nola Munduko Osasunaren Erakundeak eta Europako Kontseiluak emandako aholkuak. Cesar Manzanos Salhaketa Arabako kideak azaldu du, oraingoz, ez dela plangintzarik abian jarri: «Batetik, kartzeletan dauden espetxeratuei eta funtzionario guztiei ez zaie testa egiteko aukera eman. Bestetik, espetxeetarako prebentzio eta laguntza egitasmorik ez da diseinatu, eta, ondorioz, ezta aplikatu ere». Senitartekoekin komunikazioa eten dela ere salatu dute elkarteek, eta ez direla bermatu baliabide telefonikoak eta telematikoak.

Pandemia espetxeetan zabaldu ez dadin eta kasuak ekiditeko helburuarekin, neurriak aldarrikatu dituzte. Aldi berean, salatu dute pertsona presoen eta beren senitartekoen bizitzarako, osasunerako eta tratu duinerako eskubidea bermatzeko gai ez den espetxe sistema bat dela oraintxe dagoena. Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari galdegin die ea zergatik ez diren kontuan hartu nazioarteko erakundeek ezarritako aholkuak, eta gaineratu dute Nafarroan ere martxan dabiltzala. Gainera, uste dute espetxeetako pandemiaren benetako datuak ezkutatzen ari direla: «Normaltasun faltsu baten berri ematen duten erakundeen propaganda da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.