Administrazio bakoitza bere erritmoan ari da COVID ziurtagiri digitala herritarren esku uzteko bidea zabaltzen. Nafarroak astelehenean jarri zuen martxan agiria jasotzeko prozedura; gaur ailegatu zaio txanda Eusko Jaurlaritzari.
Arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek gaurtik aurrera dute ziurtagiria deskargatzeko aukera; oraingoz, soilik bertsio digitala dute eskura, eta, Jaurlaritzak emandako argibideen arabera, sinadura elektronikoei loturiko tresnekin egin behar dira urratsak. NAN elektronikoarekin, kasurako. Halaber, zehaztu dute, egunek aurrera egin ahala, beste bide batzuk ere zabalduko dituztela: aurrez aurrekoa, esaterako.
Nafarroako Gobernuak joan den astelehenean aktibatu zuen COVID-19arekiko immunitate egoeraren berri ematen duen ziurtagiria. Hain zuzen ere, Hegoaldeko bi osasun sistemek irizpide berdinak zehaztu dituzte agiriak betetzen dituen funtzioari dagokionez. Hiru ziurtagiri mota lor daitezke: txertaketa ziurtagiria, errekuperazio ziurtagiria eta proba negatiboaren ziurtagiria. Izenek adierazten dutenez, lehenbizikoak adierazten du herritarrak COVID-19aren kontrako txertoa jasoa duen –zehaztua izanen da zenbat dosi hartu diren–. Bigarrenak, gaitza igaro duen. Gaitza pasatu dutenei dagokienez, ziurtagiriak 180 eguneko iraungitze epea izanen du; hortik aurrera, ez du balioko. Gainera, herritarrak erakutsi nahi badu gaitza atzemateko diagnostiko proban emaitza negatiboa izan duela, hauek dira baldintzak: antigeno test bat baldin bada, 48 ordu lehenago egina izan beharko du, gehienez. PCR proba baldin bada, 72 ordukoa izanen da gehienezko epea.
Ziurtagiriak jadanik eskura badaitezke ere, Europako Parlamentuak gaur eman du oniritzia pasaporteari lotua den neurria indarrean sartzeko. Erabaki du uztailaren 1etik aurrera ezarriko dela ofizialki. Hala, ordutik aitzina, ziurtagiria edukitzea giltzarri izanen da Europako Batasuneko herrialdeetara bidaiatzeko. Zenbait kasutan, hura gabe ere posible izanen da bidaiatzea, baina nabarmen gehiago izanen dira mugak; bidaiariek moldatu egin beharko dute herrialde bakoitzak dituen eskakizunetara.