Koronabirusa. SERIEA. Uste ustelak (III). Larritasuna.

«COVIDa ez da gripe bat baino okerragoa»

COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek.

mikel p ansa
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
COVID-19a zabaltzen hasi zenean, sarritan egin zen konparazioa gripearekin, hasierako sintomak antzekoak zirelako. Gerora ikusi da birus batek eta besteak eragin ditzaketen kalteak ez direla igualak, inondik inora ere. Baina hasierako ideia hark indarra du oraindik ere, eta korronte negazionistek haien erara erabiltzen dute, koronabirusari buruz agertzen ari diren ebidentzia berriei kasu eman gabe. Negazionistek esan ohi dute gaitz hau dutenetatik gehienak berez sendatzen direla, larritzen direnei erreparatu gabe. Pandemiaren gailurra gripearena bezala jaitsi zela ere esaten dute, eta neurririk batere gabe ere gaitzaren eragina murriztuko zela, kurba hori jaisteko hartutako salbuespenezko neurrien eragina aintzat hartu gabe. Haien esanetan, munduko gobernuek nahita puzten dute koronabirusaren eragina eta larritasuna, gizarteak beldurtuta edukitzeko, eta, hartara, kontrol neurriak errazago onar ditzaten.

Baina COVID-19a gripea baino aiseago transmititzen da, hilgarriagoa da, gripeak baino organo edo sistema gehiagori eragiten die zuzenean, eta luzerako kalte larriagoak eragin ditzake, Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dutenez. Basaras: «Hasieran uste zen COVID-19a gripearen antzekoa zela, baina, hilabeteak aurrera joan ahala eta ospitaleetara gaixoak ailegatu ondoren, ikusi da gaixotasun berri hau, gripearekin alderatuz, guztiz ezberdina dela klinikoki. Biek eragin ditzakete sukarra, ondoeza, arnasa hartzeko ezintasuna... Biek ezohiko pneumoniak sor ditzakete, edota bihotzeko kalteak ere bai. Baina COVID-19a dutenen artean ikusten dira beste sintoma kliniko asko gripearekin ikusten ez direnak, hala nola giltzurrunetako arazoak, biriketako kalte sakonak, dastamenaren edo usaimenaren galera, tronboak, iktusak, eta abar».

Azalpen hori aski da bi gaitzen arteko diferentziak ikusteko, eta konturatzeko koronabirus honek kalte larriagoak eragin ditzakeela batzuetan, baina bada beste puntu bat gaitz honen larritasuna agerian uzten duena: gaixo batzuei luzerako ondorioak uzten dizkie gaitza pasatu eta testetan negatibo eman ondoren ere. Nekea, buruko mina, sukar iraunkorra... Oraindik ez dakite zergatik erantzuten duten gaixo batzuek horrela gaitza igaro ostean.

Oraindik ez da erabat ezagutzen koronabirus berri honen portaera, baina orain arte egin diren ikerketetan agerian gelditu da gripe arruntak baino hilgarriagoa dela, eta aiseago kutsatzen dela. Gripe arruntak %0,1eko kutsatze tasa du, eta koronabirusak, orain arte ezagutzen denaren arabera, %1 ingurukoa; COVID-19a hamar bat aldiz errazago kutsatu liteke, hortaz, orain arteko ezagutzaren arabera.

Koronabirus hau gripe arrunta baino hilgarriagoa ere bada. Quindosek eman du datua: «Gaixotuen %0,5 eta %1,5 artean hiltzen ditu COVID-19ak, eta hilgarritasun hori sasoiko gripeek dutena baino handiagoa da, horien hilgarritasuna %0,2 ingurukoa baita. 1918ko gripeak, Errusiako gripeak edo Asiako gripeak zuten hilgarritasunetik gertuago dago koronabirus hau, gripearenetik baino; kasu batzuetan %2tik gorako hilgarritasuna izan zuten haiek, eta munduko biztanleriaren herenari eragin zioten». Adinaren arabera ere aldatzen da hilgarritasun tasa; 70 urtez gorakoetan, atzemandako gaixoen %3 eta %8 artean hil litezke.

Puntu horretara iritsita, esplikatu behar da zer den hilgarritasuna: gaitz bat harrapatzen duten pertsonetatik, gaitz horren eraginez hiltzen direnen ratioa edo tasa. Ezinezkoa da tasa hori erabat zehaztea gaitz guztientzat, zeren horretarako jakin beharko bailitzateke gaitz bakoitzak zehazki zenbat jende kutsatu duen eta zenbat jende hil duen. Baina orain arte bildutako datuek eta egindako kalkuluek erakusten dute, edozein moduz, gripe arruntak baino gehiago hiltzen duela koronabirus honek; kasurik onenean, hiruzpalau aldiz gehiago, eta kasurik txarrenean, ia hamar aldiz gehiago.

Bada Hego Euskal Herriko datu esanguratsu bat, COVID-19aren larritasuna agerian jartzen duena. Erregistro zibilek jasotzen dituzte egunero-egunero hiltzen diren pertsonen datuak. Estatistika horri erreparatuz gero, aurtengo udaberrian —martxoan eta apirilean— espero ziren baino 2.000 heriotza gehiago —gutxienez— gertatu dira. Bestela esanda, aurtengo martxoan beste inoizko martxoetan baino askoz jende gehiago hil da, eta aurtengo apirilean beste inoizko apiriletan baino askoz jende gehiago hil da, azpiko grafikoak erakusten duenez. Eta koronabirus hau gabe nekez ulertzen da heriotzen hazkunde izugarri eta bat-bateko hori. Ipar Euskal Herrian ez da gehiegizko heriotzarik gertatu, gaitza gutxiago zabaldu baita han. Hego Euskal Herrian ere badira diferentziak: Gipuzkoan txikiagoa izan da heriotzen gorakada.

«Hildakoen zifra hori hurrengo hilabeteetan eta urteetan jaitsiz joango dela espero da», zehaztu du Basarasek: «Zergatik? Oraintxe bertan, birus berri baten aurrean gaudenez, ez daukagulako inolako immunitaterik edo oroimenik [gorputzean] horren kontra. Denborak aurrera egin ahala, gero eta pertsona gehiago egongo dira immunizatuak, eta, horren ondorioz, hildakoen kopurua gutxituz joango da, koronabirusaren birulentzia mantenduko den arren». Botiketan eta tratamendu egokietan ezagutza handitzeak eta balizko txertoak ere lagunduko lukete horretan.

Negazionistek, hala ere, zalantzan jartzen dute koronabirus honek zuzenean horrenbeste pertsona hil dituela. Ez negazionistek soilik; herritar askok ere galdetzen diote beren buruari pandemiaren inguruan sortu den larritasunak eta hartu diren muturreko neurriek zenbaterainoko eragina izan duten heriotzetan. Zeharkako kalte horiek izan direla onartzen dute adituek: «Egia da, gure ospitaleak COVID-19 gaixoekin gainezka egon zirenean, beste patologia batzuk zituzten gaixo asko ez ziren joan ospitaleetara, edo kontsultak atzeratu egin ziren (kirurgiak, minbiziaren detekzioak edo tratamenduak...)», esplikatu du Basarasek, baina erantsi du horrek eragindako heriotza kopurua gutxienekoa izan dela koronabirusak zuzenean eragindako heriotzen aldean.

«Pertsonak arrazoi askorengatik hiltzen dira, baita beldurraren eraginez ere», erantsi du Quindosek: «Dena den, pandemia guztiek estres soziala eta pertsonala eragiten badute ere, eta horrek pertsona batzuei ondorio psikologikoak eragin badiezazkieke ere, ez dago datu bakar bat ere adierazten duena jende kopuru esanguratsu bat hil dela alarmaren gehiegikeriagatik». Alegia, gaitzak bai, hil duela jende kopuru handi bat, baina ezin dela esan larritasuna sentitzeagatik jende kopuru handi bat hil dela, ez baitago horren ebidentziarik.

Beste leku batean jarri nahi du arreta Quindosek: «COVID-19aren beste zeharkako ondorio bat da ez bideratzea baliabide sanitarioak eta ekonomikoak beste arazo larri batzuetara. Ziurrenik, pertsona asko, adinekoak batez ere, pandemiaren aste gogorrenetan hilko ziren COVID-19ak okertu egin zuelako aurretik zuten osasun egoera, gaitz kroniko larriak zituztelako». Hala ere, Quindosek uste du itxialdia, maskarak, distantzia fisikoa eta higienea erabakigarriak izan direla, eta egoera kalteberan edo arriskutsuan zeudenei, azkenean, kalte baino mesede gehiago egin diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.