Covitek argi utzi du ez duela Bakegileekin biltzeko inolako asmorik. ETAren armagabetzea sustatzeko sortu zen taldea ETAren "konplize" dela adierazi du biktima elkarteak, harik eta talde armatuari buruz duen informazioa justiziari helarazten ez dion artean. Hala erantzun dio Covitek Txetx Etxeberri eta Michel Tubiana bakegileek eginiko bilera proposamenari. Aldiz, biktimen elkartea prest agertu da Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarekin biltzeko, eta datorren ostiralean egingo du harekin bilkura, Europa Press berri agentziak jakitera eman duenez.
Covitek eskatu zion bilkura egiteko Etxegarairi, joan den urtarrilean, Consuelo Ordoñez biktimen elkarteko presidentea Frantziako Justizia Ministeritzako kabinetearen zuzendariordearekin bildu ostean. "Berak adierazi zigun egokia izan zitekeela bilera egitea haien burua Iparraldeko ordezkaritza gisa aurkezten duten Frantziako hautetsiekin, biktimen ikuspegiaren berri izan zezaten", azaldu dute Covitetik.
Otsailaren 27an, Coviteko Ordoñez eta Ruben Mujika bildu ziren Max Brisson senatariarekin (Les Républicains) eta Vincent Bru diputatuarekin (En Marche), Donostian, elkartearen egoitzan. Frantziako Justizia Ministerioarekin elkarrizketan ari den Ipar Euskal Herriko erakunde eta eragileek osatutako ordezkaritzako kide dira Brisson eta Bru. Bileran, Coviteko kideek ontzat jo zituzten Emmanuel Macronen gobernuak (En Marche) euskal presoak hurbiltzeko erabilitako irizpideak.
Coviteren iritziz, Etxegarairekin egitekoa duen bilera da orain artekoen artean garrantzitsuena, elkargoko presidenteak gidatu duelako Iparraldeko ordezkaritza. "Haien artean eragin ahalmen handiena duela uste dugu", adierazi du biktimen elkarteak.
Horrez gain, Covitek garrantzia eman dio bilera egingo den uneari, Bake Bideak eta Bakegileek ETAren armagabetzearen harira antolatu duten fororako egun gutxi falta direla egingo baita. Foro horretan biktimen eta euskal presoen gaiak landuko dituzte. "Esango dieguna da, auzi honetan parte hartzeko borondatea baldin badute, argi hitz egin dezatela eta har dezatela jarrera bat, ez baitira hala egiten ari, gutxienez, biktimei dagokienez".
Biktimen elkarteak nabarmendu du Brurekin eta Brissonekin izan zuten bileran ETAko kideei eginiko "omenaldiak" izan zituztela hizpide. "Haiek asaldatuta agertu ziren, baina ez dira gai izan horri buruzko adierazpen publiko bat egiteko, horretara konprometitu ziren arren. Guretzat etsigarria izan da".
Biktimen elkarteak Etxegarairekin argitu nahi du zer den Iparraldeko ordezkaritzak espero duena armagabetzearen urteurrenaren harira, eta, "batez ere", zein jarrera hartuko duen ordezkaritzak "ETAren ustezko dizoluzio adierazpenaren aurrean, non haiek egiteko garrantzitsua izango dutela dirudien".