Ia lau urte iraun zuen harremanak, Cristina Estebanez Barreirok etetea erabaki zuen arte. Harremanak iraun zuen denbora guztian tratu txarrak eman zizkion gizonak, mehatxu egin zion, kontrolatu. Seidel Martinez izena zuen gizonak, eta oso bortitza zen. Aurrekariak zituen, gainera, beste pertsona batzuei egindako erasoengatik.
Ikusi gehiago
Harremana eten zuen Estebanezek azkenean. Eta 2010eko azaroaren 7an salaketa bat ere jarri zuen Martinezen kontra. Salaketa jarri zuen egun berean, mutila saiatu zen neska bizi zen etxera sartzen, eta atean txikizioak egin zituen. Harremana eten zuenetik, gizonak etenik gabe deitzen zion, bere etxearen inguruan ibiltzen zen... Harrera etxe bat eskaini zioten gizarte zerbitzuek emakumeari, baina uko egin zion, bizitza normala egiten saiatu nahi zuelako. Beldurtuta bizi zen, hala ere. Euskal Herritik kanpo ere bolada bat egin zuen Estebanezek. Alferrik izan zen.
Urte bereko abenduaren 6an, Estebanezen etxeko teilatura igo zen Martinez. Aitarekin bizi zen emakumea, Barakaldon (Bizkaia), hamabi solairuko etxebizitza batean. Fatxadan obra batzuk egiten ari zirela baliatuta, arnes bat jantzi, sokekin lotu, eta teilatutik hamargarren pisuraino rappel eginez jaitsi zen. Balkoitik sartu zen etxera, eta Estebanezi itxaron zion.
Gizonezko lagun batekin sartu zen Estebanez etxera, eta Martinezek gizon hari egin zion eraso lehenik. Katana batekin jo eta labana bat sartu zion. Gizonak etxetik ihes egin zuen, lepotik odoletan. Etxe ondoko bideo denda batean eskatu zuen laguntza, eta dendakoak deitu zuen larrialdietara. Laguna ospitalera eraman zuten, eta han osatu zen, pare bat astez ingresatuta egon ondoren.
Estebanezentzat berandu iritsi ziren, baina. Martinezek bi labankada eman zizkion lepo aldean, eta bertan hilda utzi zuen. Poliziek atxilotu zutenean, ukatu egin zuen nahita hil zuenik emakumea. Esan zien eztabaidan hasi eta nahigabe gertatu zela.
Epaiketak kontrakoa erakutsi zuen, ordea, handik bi urte eta erdira. Aurkeztutako frogek eta lekukotzek argi erakutsi zuten Martinezek hilketa goitik behera planifikatu zuela. Epaileak 32 urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizonari. 25 urte zituen Estebanez hil zuenean.