Garoña zentral nuklearraren jarduera luzatzeko eragozpenik ez du ikusten Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN). Hala jakinarazi dio Industria Ministerioari bidalitako txosten batean. «Ez dago eragozpenik, segurtasun nuklearraren eta babes erradiologikoaren ikuspegitik, 2009ko uztailaren 3ko Ministerioaren agindua aldatzeko».
Jakina denez, 2009ko uztailaren 9an Espainiako Industria Ministerioak —orduan PSOEk kudeatua— Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko agindu zuen. PPk, hauteskundeak irabazi eta Espainiako Gobernua hartuta, ohartarazi zuen ez zegoela ados zentral nuklearraren jarduera behin betiko etetearekin. Eta, hala, CSNri eskatu zion txosten batean azaltzeko ea arazorik badagoen zentralak irekita jarrai dezan.
CSNk argi erantzun du: ez du arazorik ikusten. Hala ere, CSNk azaldu du orain Ministerioari bidali dion txosten horrek ez duela zerikusirik erakunde arautzaileak egin beharko duen beste batekin, alegia, zentralak funtzionatzen jarraitzeko baimena eskatzen dionean egingo duenarekin.
Beste sei urtez jarduera luzatzeko baimena eskatzea erabakiko balu, Nuclenorrek zein agiri aurkeztu beharko lituzkeen ere argitu du CSNk. Baimen eskari hori aurtengo irailaren 6a baino lehen egin beharko luke.
Eskariarekin batera, CSNk dio zentralaren kudeatzaileek argitu beharko dutela zer programa eta inbertsio egingo dituen segurtasuna hobetzeko. Bereziki, Fukushiman (Japonia) iazko martxoan izandako hondamendi nuklearraren ondorioz. Hobekuntza lan horiek erresistentzia proben txostenean daudela adierazi du CSNk.
Edonola ere, CSNk gogorarazi dio enpresaren jabeari, beste baimen bat eskatuko balu, eta kontuan hartu gabe horri buruz segurtasunaren kontseiluak zer balorazio egingo duen, derrigortuko lukeela 2009ko ekainaren 5eko txostenean zentralaren diseinuan eskatu zituen aldaketak egitera. Izan ere, horiek ez dira egin, 2019ra arte luzatu beharrean jardueraren luzatzea 2013ra arte mugatu zitzaiolako zentralari.
Besteak beste, txosten hartan CSNk Garoñako zentralari eskatu zion euste sistemaren bakartzean hobekuntzak egin behar zituela. Suteei aurre egiteko sistemetan, eta sistema elektrikoen independentzian ere eskatu zituen aldaketak.
Aldi berean, erreserba gasetarako beste sistema bat ezartzera aholkatu zion Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak.
2009an sei urtez luzatzeko baimena emateko txostenean ezarri zizkion baldintza horiek CSNk Nuclenorri, zentralak segurtasunari eragiten dioten funtzionamendu akats ugari dituelako. Alabaina, ez ditu martxan jarri, gobernuak lehenago ixtera behartu zuela aitzakiatzat hartuta.
CSNk ez du trabarik ikusten, segurtasunaren ikuspegitik, Garoñari jarduera luzatzeko
Espainiako Industria Ministerioak emandako ixteko agindua aldatzeko arazorik ez dagoela ebatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu