Hezkuntza

Curriculum berria "doktrinatzeko" erabili nahi izatea egotzi diote Jaurlaritzari

PSE-EEk, PPk eta UPDk Hezkuntza Sailaren egitasmoa okertzat jo dute. Espainiako Hezkuntza erreformari aurre egiteko ez dela "nahikoa" izango ohartarazi dio, berriz, EH Bilduk.

2013ko urriaren 14a
20:18
Entzun

PSE-EEk, PPk eta UPDk bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila sustatzen ari den curriculuma kritikatzeko: salatu dute egitasmoak ikasleak "doktrinatzeko" asmoa duela. Ukatu egin du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.

Heziberri 2020 izena eman dio Jaurlaritzak proiektuari. Joan den astean egin zuen lehen bilera hezkuntzako eragileekin. Otsailaren 20rako testua adostea espero du Jaurlaritzak.

Proiektuaren berri emateko agerraldia Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak berak eskatua zuen. Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eman ditu xehetasunak, gaur arratsaldean.

Uriartek urratsak azaldu ditu: eskoletako curriculumaren oinarri pedagogiko berria 2014ko otsailerako adostu nahi dute; curriculumen garapenerako, dekretuak idatziko dituzte gero; eta Hezkuntza Legea berrituko dute azkenik.

"Euskal Herriaren izaera kulturala eta lurralde bakoitzaren egoera politiko-administratiboa" hobeto ulertzea da Heziberri 2020ren oinarri pedagogikoen helburuetako bat; horrek eragin ditu PSEren, PPren eta UPDren kritikak.

Alderdi horiek "ideologia abertzalea" duen irakaskuntza bat ezartzeko asmoa leporatu diote Uriarte sailburuari. "Ez gara ideologiei buruz ari, ikasleen gaitasunez baizik", erantzun die Uriartek.

Wert legeari nola aurre egin

Aurreko egunetan aipatutako ideiari eutsi dio Uriartek: Espainiako Gobernua prestatzen ari den hezkuntza erreformari aurre egiteko tresna eraginkorrena izango da orain abiatu dute curriculumaren definizioa.

Ez datoz bat oposizioko alderdiak. EAJk babestu du Uriarteren sailaren lana, baina EH Bilduk ohartarazi dio curriculumean oinarritutako dekretuak ez direla "nahikoa" izango erreforma indarrean ez jartzeko.

Madrilek ezarriko duena goragoko legea dela eta Eusko Legebiltzarrak onar dezakeen testuak ere ez duela indar aski izango adierazi du PSE-EEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.